Ez du bukaerarik

Erabiltzailearen aurpegia Eneko Etxeberria 2015ko aza. 23a, 14:19

Maliko biktimak gogorarazteko elkarretaratze berri bat deitu dute. Ez du bukaerarik honek. Ez da Malikoek ez dutelako merezi, elkartasunik ez dutelako merezi. Esan beharrik ez dago, Malikoei babesa adierazi nahi diegu. Baina ez du amaierarik. Mundu osoko herritarren giza-eskubideak egunero dira urratuak. 

Egunero, munduko bazterretan norbait dago goseak edo egarriak, norbait eraila izan da, edo torturatua. Milioika pertsonari bizitza duin bat izateko eskubidea urratzen zaio. Izan ere, giza-eskubideak ez dira soilik erailketekin urratzen: eskubide sozialak ere giza-eskubideak dira, eta egunero hiltzen da jendea gosez. Zer esanik ez mundu osoko gerrez; heriotzak heriotzari erantzuten dio, injustiziak injustiziari, amaierarik antzeman ez daitekeen erroberan.

Giza-eskubideak egunero dira urratuak, eta soilik batzuen giza-eskubideak defendatzen eta gogoratzen ditugu, soilik batzuenak. Ez dakigu zein irizpiderekin deitzen diren horrelako elkarretaratzeak: Afrikan gose direnak, Saharan egarri, Afganistaneko ospitalekoak, Beirutekoak, Mexikokoak, Txinakoak, Ameriketako Estatu Batuetakoak... zerrenda amaigabea da.

Urraketa bakoitzarengatik kontzentrazio bana egin behar badugu, bost minutuko elkarretaratzeak eginez, urteko minutu guztiak eskas geratuko zaizkigu. Elkartasuna guztiei. Gure komeriak dira, gertukoa askoz gehiago sentitzen dugu, baina bizitzak leku guztietan berdin balio du. Horregatik, Pariskoa salatu genuen indar berarekin salatu nahi ditugu guztiak. Ez gaitezen azalean geratu, joko eskasean. Errespetua aldarrika dezagun denon eskubideen alde, elkartasuna sufritzen dutenenentzat, eta eraldaketaren bideak jar ditzagun. Egin dezagun egunero giza-eskubideen alde, eta etxetik hasita. Hartu ditzagun denok bost minutu.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide