Txondorra bihotzean

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Euzkitze 2015ko abe. 15a, 09:38

Urrestillan izan zen postari ezagun bat, Xinko deitzen ziotena. Ez zuen mundua asko ezagutzeko zoririk izan gizajoak, baina are gutxiago ezagutzen zuenen bati hala iruditzen.

Munduan makina bat bazter ikusi izango duzu zuk, Xinko...

Bai, motel. Gora Altsasuraino iritsita nagok, eta behera Iruneraino, baina badiat Australia alde horretara buelta bat emateko gogoa.


Hamaikatxo horrelako bada bazterretan. Horiek izaten dira, gainera, Euskal Herria bezalako lekurik inon ez dagoela esaten dutenak. Hutsa geure bazterren berri itxura antzean bageneki!Zarautzen bizi garen gehienoi Xinkori Australia bezain urruneko eta ezezagun zaigu Heleta, sopeloztarrik gehienek Amezketa Pernando izeneko xelebre baten deitura dela uste dute.

Bidasoa bazterreko Bortzirietan igaro dugu asteburua, Igantziko lurretan. Banuen Irrisarri Land izeneko lekuaren aditzera. Izen bereko jauregiaren inguruan antolaturiko abentura parke bat da. Tokiak berak asko laguntzen du, ikaragarri, baina naturari begirune osoz sekulako aisialdi gunea prestatu dute. Merezi du ezagutzea.

Iazkoa izan zuten lehen negua. Eguberri aurretxoan, Olentzero menditik kalera jaistear zela harturik estakuru, Txondorraren museoa jarri zuten abian. Bi goizuetarren laguntzaz, txondor bat egin zuten, eta Iñaki Perurenak piztu zuen, hura izan zuten lehen omendua. Aurten nik izan dut ohore hori. Atzo ilunabarrean piztu genuen Irrisarriko bigarren txondorra. Leku bitxi askotan ari izan naiz bertsotan, baina atzo arte txondor baten gainetik kantatu gabea nintzen. Eskerrik asko, bihotzez eskerrak, Irrisarri Landeko familia gazte eta ederrari.

Irrisarriko omenaldia

hau ohorea, hau ondra,

inolaz ezin ordainduko dut

hemen egin dudan zorra.

Brasa ederra bota ondoren,

piztuta daukagu, horra!

Zin dagizuet: ez da itzaliko,

hain baitu su iraunkorra,

bihotzar honen erdi-erdian

piztu duzuen txondorra.

(Xabier Euzkitzek abenduaren 13ko 'Noticias de Gipuzkoa' egunkarirako idatzitako iritzi artikulua da hau)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide