Ni pekatari

Erabiltzailearen aurpegia Txetxu Urbieta 2015ko abe. 17a, 10:56

Miseria eta miserablea. Aita eta ama berdinen haurrak dira. Miseria munduan gure milioika anai-arrebek dutena. Bizi egin nahi eta goseak janda hiltzen ari direnak; bizi egin nahi, eta balei eta nobei iheska, itsasoan itotzen ari direnak; bizi egin nahi eta irautea ere ezinezko dutenak. Miseria, miseria gorria... Beltza eta zuria.

Miserablea. Ni neu. Anai-arreben miseriaz ohartu eta ezer gertatuko ez balitz bezala bizitzeagatik. Edo okerragoa dena, errua bihotzik ez duten gure agintariei bota eta kontzientzia lasai izateagatik. Agintari horiei guk eman diegu agintea kudeatzeko ardura. Agintea gurea da, herritar guztiona. Eta gure langileek, izan Eneko, Markel, Iñigo ala Mariano, guk agindutakoa bete behar dute. Utopia dela? Idealista naizela? Bai, gaur bai. Baina gure esku dago eskuetatik ihes egin diguna berreskuratzea. 

Herriak du agintea, herriarena da agintea. Baina herriarena ere bada gertatzen den ororen ardura. Gurea. Nirea ere bai. Baina eroso bizi naiz, erraz. Arduren ardura besteen esku utzita, arazoak arazo, esne mamitan gozo-gozo bizi naiz. 

Zertarako sentitu behar dut errudun beste batzuk erruduntzat jotzeko aukera baldin badaukat? Hondartzan hildako haur gaixoaren argazkia ikusitakoan aieneka hasiko naiz, agintarien bihotzgabetasuna salatuko dut eta "ez da posible, ezin liteke", ozen aldarrikatuko dut. 

Baina ohearen epelean, bapo afalduta, lasai lo egingo dut. Zu ez zaitut epaituko, neure buruarekin nahikoa lan badut. Miserablea naiz. Eta koldarra ere bai. Mundu erdiak hil behar ote du ba beste erdia ondo bizitzeko?

Azaroko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua da hau.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide