Eta hasi da institutura eta laster ekin diote kontrolak egiteari. Tartean, gaztelaniari dagokiona. Azentuak. Zerutik jakina da azentuak non jarri batere ez dakitela gure neska-mutilek eta, konparazio batera, irakurri ere ez dutela bizian batere libururik irakurri, azentua jarri ez jarri bost inporta zaiela. Horrela, testu bat eman die aztergai gaztelania irakasleak, esanez diktaketa eginaraziko diela biharamunean, testu hartako zenbait esaldi hartuta. Eta beti-betikoa: veÍa, comÍa, Árboles... baina cantaba, volaba, prado... eta delako testuko beste hainbat hitz azentudunak eta azentugabeak arretaz azpimarratu ditugu etxean, institutuko eskolako-etxeko lanen presiopean etxekoen arteko kontziliazioari uko eginda.
Eta joan da biharamunean Maria institutura eta egin du ditxosozko diktaketa. Eta, "Diktaketa zer modu?", eta "Ondo!". "Zalantzarik izan duzu honetan edo hartan?", eta "Ez, uste det bastante ondo egin dudala!". Gure herriko euskararen kutsurik badu gure neskak, eta eskerrak horri!
Bi puntu gutxiago
Eta joan dira egunak eta jakinarazi ditu irakasleak diktaketa petralaren emaitza zitalak. "Bi puntu kendu dizkit. Bata, veÍa-ri azentua ez jartzeagatik, eta bestea nire izenari, Maria, azentu ez jartzeagatik!". Ezetz esan diogu alabari. Hurrengo egunean joan eta esateko gaztelania irakasleari euskaraz idatzia duela Maria, azenturik gabe, eta nahi izanez gero kentzeko bi puntuak veÍa-ri delako tildea ez jartzeagatik, baina uzteko izena euskaraz idazten, bestelako katramilarik gabe, frankismo ohiturarik ez dugula berritu behar.
Gajoa, joan da biharamunean, saiatu zaio irakasleari, baina honek ezetz, euskaraz Miren izango litzatekeela, eta MarÍa idatzi beharra duela gaztelaniazko eskolan, azentu eta guzti.
Harrezkero, eta guk irakaslearekin hitz egin artean, azentu eta guzti jartzen dio Mariak izena gaztelania irakasleari: MarÍÍÍa da gure Maria maitagarria. Mundua nola dabilen lasten ikasi behar digu...
Eta egunak.
Azaroko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua da hau.