2002an Euskal Herriko Bilgune Feminista sortu zenetik, Azpeitian ere gogoz aritu gara herri parekide eta justuago baten alde lanean. Balore feministetan oinarritutako herri bihurtzeko ahaleginean norbanakoengan eragiteaz gain, antolakunde, elkarte eta instituzioetan ere gure alea jartzen saiatu gara. Horretan, mugimendu feministak historia luzea eta emankorra izan du herrian.
Une honetan, Azpeitiko Bilgune Feministako kideok, ordea, beharrezkoa ikusi dugu aldi baterako gure jarduna etetea eta herri honetan balore feministak sustatzearen ardura beste norbanako eta eragileetara zabaltzea eta eraberritzea. Gaur egun, feministatzat dute euren burua herritar askok eta ondorioz, hainbat eragilek. Hori horrela izanik, ziur gaude orain arte parekidetasunaren alde egindako bideak jarraipena izango duela.
Taldeko partaideok, gure aldetik, Euskal Herriko Bilgune Feministaren parte izaten jarraituko dugu, eremu baten edo bestean lanean, hau baita jendarte parekide eta justuago bat lortzeko gure proiektu politikoa. Azpeitian ere, maila pertsonalean, ekarpenak egiten jarraituko dugu nahiz eta eragile bezala gure ekimenak eten. Izan ere, guretzat, feminismoa bizitzeko modu bat da. Hau da, bizitza ikusi, ulertu, sentitu eta borrokatzeko modua, gure bizitzak errazago egiten lagundu diguna eta honezkero bizitza osoan zehar luzatuko duguna. "Pertsonala politikoa da" dio feminismoaren aldarrikapen historikoetako batek. Hau da, maila pertsonalean egiten denak ondorio politikoak dituela. Baina guk, maila pertsonalaz gain, kolektiboan aritzearen garrantzia ere azpimarratu nahi dugu, jendartea eraldatzeko arlo pertsonala beharrezkoa izan arren borroka kolektiboak ezinbestekoak baitira.
Mugimendu feministaren parte izateak konpromisoa eta lana eskatzen badu ere, harreman berriak eraiki, elkarrekin pentsatu, ikasi, sentitu, borrokatu eta gozatzeko aukera paregabea ere bada. Gure jarduna etetearen arrazoia talde eta ekimenen eraberritzearen aldeko apustuaren baitan kokatzen dugu.
Honenbestez, Azpeitiko Bilgune feminista bezala aldi baterako agurtzen gara, orain artekoan bidelagun izan ditugun pertsona eta herri mugimenduko eragileei eskerrak emanez. Era berean, Herri feminista baten alde lanean aritzeko prest egon litezkeen taldeei gure laguntza luzatzen diegu bideari heltzeko. Laster arte beraz, eta GORA BORROKA FEMINISTA!!!