Karnabalak 2016

Zezenaren hileta haiek

Uztarria.eus

1994ko zezenaren entierroa. (ANTTON MARTINEZek utzita)

Gaur, asteartearekin, bukatuko dira aurtengo karnabalak Azpeitian. 20:00etan plazara aterako duten suzko zezena izango da festetako azken hitzordua. Azken urteetan suzko zezenak bete du karnabalen agurrerako funtzioa, garai batean zezenaren hiletak betetzen zuena.

Gure inguruan, sardinaren entierroa da karnabalei agur esateko ohitura hedatuena. Azpeitian, diktadura garaiko debekuen ondoren festak berreskuratzen hasi zirenean, zezenak bete zuen beste tokietako sardinaren lekua, baina ospakizuna antzekoa izaten zen.

Hainbat urtez, zezenaren hiletarekin amaitzen zuten Astearte Karnabala eta, horrekin, festak. Kartoizko zezen txiki bat osatu eta hura sorbaldetan hartuta kalejira egiten zuten, atzetik segizioa zuela; denak beltzez eta dotore jantzita, kandelak eskutan, serio, triste eta negar plantan, karnabalei agur esateko penatan, plazara iritsi eta han zezenari su eman arte.

Antton Martinezek Uztarriari utzitako argazkiotan ikusten den moduan ospatzen zuten zezenaren hileta. Irudiak 1994koak dira, duela 22 urteko karnabaletakoak, hain zuzen ere. Martinez eta haren lagunak ziren zezenaren hiletan parte hartzen zutenetakoak. Jesus Ruiz Argandoña Keuttin-ek hala dio: "Niretzat, karnabaletako momentu onenetakoa izaten zen".

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide