Bost urte beteko dira aurten Azpeitiko Kultur Mahaiak Sanagustin kulturgunearen kudeaketarako irekitako lehiaketa publikoa irabazi zuenetik. Sanagustin kooperatibak eskatuta, Kultiba eta UPR enpresek orain arteko ibilbidearen Kultumetria izeneko azterketa egin dute.
Azterketak hiru arlo hartu ditu kontuan: ekonomia, kultura eta gizartea. Xehetasun handiz aztertzen ditu hiru eremu horiek. Sanagustin kooperatibak duen izaera eta antolaketa enpresa arloan ezohikoa da eta kultur eredu berri baten aurrean gaudela esan daiteke; ekonomiari bezainbesteko garrantzia ematen dio kulturari eta izaera sozialari, eta hori ere berritzailetzat dauka azterlanak.
Azterketak atera dituen datu ekonomikoen emaitzek diote kooperatibaren aktibitatearen inbertsio zuzena 1.557.224,88 eurokoa izan dela, eta %55 herrian bertan geratu dela. Horren eragina ekonomian, 2.322.359,27 eurokoa izan da. Erakarritako gastua eta barne kontsumoan eragindako birbanaketak, berriz, 4.412.775,4 euroko zeharkako eragina izan du. Kooperatibak 25 pertsonei eman die lana eta ekonomian edukitako eraginak 23 lanpostu berri sortarazi ditu inguruan, horietatik 4 lanpostu bigarren sektorean eta 18 hirugarrenean.
Kultumetriak nabarmentzen duen beste alderdi bat autofinantzaketarena da. Kooperatibaren autofinantziazio maila %80tik gorakoa da. Andoni Garaizar Kultiba enpresako ordezkariaren hitzak hori baieztatzera datoz: "Guk ez dugu halako kasurik ikusi orain arte. Autofinantziazio maila hori ez da ezagutzen euskal kultur esparruan eta, gainera, Sanagustin kooperatibak kulturgunearen gastu guztiak bere gain hartzen ditu: mantenu gastuak (argindarra, kalefazioa, ura, konponketak eta matxurak, babes neurriak...) eta, nola ez, bertako langile guztien kostuak. Guk ezagutzen dugun udal eraikin bakarra da non kudeatzen duen eragileak gastu hauek guztiak bere gain hartzen dituen eta, gainera, hilero eraikinaren alokairua ordaintzen dion".
Proiektu honen ardatza autonomia eta elkarlana eta parte-hartzearen arteko oreka izan da hasieratik. Kultur eta gizarte eragileen, kooperatibako langileen eta administrazio publikoen arteko elkarlan sistematizatua da proiektuaren emaitza onen bermea. Ostalaritza gunea da proiektua finantzatzeko bide garrantzitsuena. Hala ere, hori ez da izan eragozpen, kultur ekitaldiak lehenetsiz, behar izan den guztietan ostalaritza gunea ixteko (Sanagustin ireki zenetik 204 aldiz itxi da, festetako egunak barne).
Kultur dinamika aberatsa
Urte hauetan 641 ekitaldi antolatu ditu kooperatibak eta 110.352 ikus-entzule izan dira guztira. 2015ean, esaterako, 31.010 ikus-entzule izan zituzten antolatutako 149 ekitaldietan (Azpeitiko biztanleriaren bi halako, eta ekitaldi bat ia bi egunez behin). Ekitaldi horietatik "%81 elkarlanaren eta parte-hartzearen ondorio izan ziren eta %90 baino gehiago euskaraz". Baina aretoaren okupazio mailari eta ekitaldi kopuruari neurriz gorakoa ere irizten dio azterketak Azpeitiaren tamainako herri batentzat, eta horra ondorio zuzena: "Joera beherakoa izatea litzateke normalena eta emaitzetan eragitea".
Herriko kultur sormenean eragina izan dute. Ekitaldien %50etik gora herriko sortzaileenak izan daitezen saiatzen dira (orain arte %54 izan dira). Horrek dinamizazio lan garrantzitsua eskatzen du, baina beraiek diotenez "zorte handia dugu, Azpeitia oso bizirik dagoen herria baita eta ez kultur arloan bakarrik".
Euskal kulturaren sustapena, sormena eta transmisioa dituzte ardatz etorkizunera begira ere eta hainbat proiektu horretara bideraturik. Baina eredua jasangarri izateko eta emaitza hauek denboran zehar mantendu edo hobetzeko "baliabideak eta emaitzak orekatu" behar dituztela ondorioztatzen du azterketak. Partaidetzarekin loturiko emaitzak mantentzeko hausnarketa egin beharko dute gaur eguneko egoerara "baliabideak muturreraino eramanez iritsi dira eta", dio Garaizarrek. Nahiz eta baliabideak hobetzen joan, bide berri batzuk aztertu beharko dituzte, administrazio desberdinekin harremanak eta marketing eta komunikazio arloak indartuz.
"Kultur Mahaia eta Sanagustin kulturgunea asko hazi dira, baina hori jendearekin eta jendearentzat eginez lortu dute. Hori da arrakastaren gakoa", Garaizarren esatera. Herrian kulturak indar handia hartu du, nabarmen eta, aldiz, udal kultur aurrekontuak azken urteetan ez du aldaketarik izan.
Soreasu, elementu garrantzitsu bat
2014tik aurrera Soreasuko antzokiaren kudeaketa ere Sanagustin kooperatibak darama, lehiaketa publikoa irabazita hemen ere. Hori dela eta, beraien aktibitate ekonomikoa "asko handitu" da. Herriko zinema eskaintzeaz gain, kultur "egitaraua optimizatzeko" balio izan die. Sanagustinen ez bezala, Soreasuren eraikinaren mantenua Udalaren ardura da eta kooperatiba bertako langileen, ekitaldien eta hauen aseguru ezberdinen jabe egiten da. "Soreasuren kudeaketak optimizaziorako aukera handiak eman dizkie eta ez optimizazio kulturala bakarrik, ekonomikoa ere bai. Finantziazio bide berriak zabaldu dizkie, zerbitzu teknikoengatik batez ere".
Kultumetria azterketa Azpeitiko Kultur Mahaiak eta Sanagustin kooperatibak egin duten "Azpeitiko Kulturaren argazkia" azterketaren parte izan da. Txostena amaituta dago eta udal ordezkariei banatua. Gainera, azterketa honen balorazio sakonago bat nahi duenaren eskura egongo da webgune hauetan: www.sanagustinkulturgunea.net eta Uztarria.eus-eko kultura atalean.