Kultur sorkuntza bultzatzeko bekak emango ditu Udalak

Uztarria.eus 2016ko mar. 17a, 19:21

Ainara LarraƱaga zinegotzia, Maite Maiz Kultur Mahaiko lehendakaria eta Izaro Zinkunegi Kultur Mahaiko teknikaria, sorkuntza beken aurkezpenean.

Kultur Mahaiarekin elkarlanean landutako egitasmo berria 6.000 euroko diru-poltsarekin hornitu dute aurtengo udal aurrekontuetan. Oinarriak bihar argitaratuko dituzte Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (GAO) eta, hortik abiatuta, hilabeteko epea izango dute sortzaileek proiektuak aurkezteko, apirilaren 18a arte. Laguntzak norbanakoei eta sortzaile berriei zuzenduta daude.

Kultur sorkuntzarako bekak banatuko ditu aurten lehen aldiz Azpeitiko Udalak. Martxoaren 1eko udalbatzarrean onartu zituzten diru-laguntza berrien oinarriak eta gaur azaldu dute proiektuaren edukia Udaleko eta Azpeitiko Kultur Mahaiko ordezkariek, biek elkarlanean osatutako proposamena baita sorkuntza bekena. 6.000 euroko diru-poltsa jarri du Udalak aurtengo aurrekontuetan beka horiek hornitzeko.

Azpiegiturak, eskaintza zabala, herriko taldeen arteko elkarlana... Horiek guztiak aipatu ditu Ainara Larrañaga Kultur zinegotziak beken aurkezpenean, "Azpeitian kultura bizi-bizi daukagula" berresteko. "Bizitasun eta indar horrek urte luzez jarraitzeko, ordea, ikusten dugu artista berriak sortzea beharrezkoa dela. Eta beka honen helburu nagusietako bat da, hain zuzen ere, sortzaile berriak sortzen laguntzea", esan du, Udalak proposatuta Kultur Mahaian Soreasu edukiz betetzeko lantzen ari diren proiektuan ere "norbanakoentzako gune bat egoteko asmoa badagoela" gaineratuz.

Kulturan zerbait sortzeak ekonomikoki eta denbora aldetik eskatzen duen ahalegina errazte aldera jarri dute abian sorkuntza beka: "Seguru gaude herrian eta inguruetan badaudela artista pila bat, ekonomikoki garesti suertatzen zaielako edota denbora faltarengatik, sortzea alde batera utzita daukatenak. Pentsatu nahi dugu, era berean, artista asko egongo direla herrian beraien lanak plazaratu ez dituztenak edo, nahiz eta ideiak eduki, proiektuak sortzeko pausoa eman ez dutenak", azaldu du Larrañagak, laguntza nori bideratu nahi zaion gehiago zehaztuz. Izan ere, sorkuntza beka bereziki norbanakoei eta sortzaile berriei zuzenduta dago; eratuta dauden kultur elkarteak eta taldeak ezin dira aurkeztu.

Sorkuntza bekarekin "Kultur Mahaiak bere ildo nagusietako bat indartzen" duela adierazi du, bere aldetik, Maite Maiz Azpeitiko Kultur Mahaiko lehendakariak. Eskerrak eman dizkio Maizek Udalari eta deia luzatu die sortzaile berriei, "elkarlanean landutako proposamen honekin aukera ematen diegulako hasiberriei euren lanak eta proiektuak aurrera eraman ditzaten. Hasiberriei, hain zuzen ere, aprobetxatzeko esaten diegu, aukera ederra dute-eta esku artean".

Sorkuntza beken oinarriak

Sorkuntza beken oinarriak bihar, ostirala, argitaratuko dituzte Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (GAO) eta, hortik abiatuta, hilabeteko epea izango dute sortzaileek proiektuak aurkezteko, apirilaren 18a arte. Oinarrien eduki osoa Azpeitiko Udalaren webgunean jarriko dute, eta udaletxeko Kultura saileko bulegoan ere eskuragarri izango dira.

Oinarrien puntu esanguratsuenetako batzuk dira hauek:

- 6.000 euro jarri ditu Udalak 2016ko aurrekontuetan eta 2016. urtean sortutako gastuei aurre egiteko diru-laguntzak emango dituzte.

- Edozein kultur arlotako proiektuak lagunduko dira diruz: dantza, antzerkia, literatura, musika, pintura, eskultura, zinea, komikigintza, ikus-entzunezkoak...

- 16 urtetik gorako edozeinek aurkeztu ahal izango ditu proiektuak.

- Kultur arloan berriak direnek edota aurrez inoiz landu ez duten kultur arlo bat lantzen hasten direnek izango dute lehentasuna.

- Azpeitian bi urtez erroldatuta egotea "baloratu" egingo dute, baina ez da nahitaezko baldintza izango; edozeinek izango du parte hartzeko aukera.

- Proiektuak euskaraz aurkeztea beharrezkoa izango da eta, hala erabakiko balitz, proiektua amaitu ondoren aurkezpena ere euskaraz egiteko gai izatea.

- Eskatzaile bakoitzak nahi adina proiektu aurkezteko aukera izango du, baina pertsona bakoitzeko gehienez bi proiektu lagunduko dira diruz.

- Kontuan hartuko dituzte proiektuen interesa, kalitatea, originaltasuna, diziplina ezberdinak nahastea, Azpeitiko kulturari egin diezaioketen ekarpena, eta genero ikuspegia eta bazterketa soziala jasateko arriskuan daudenak ere kontuan hartzea.

- Proiektuak aztertzeko sei laguneko taldea eratuko dute; Udalak eta Kultur Mahaiak hiruna kide izango dituzte talde horretan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide