Lasaoko bidegorriaren lotunea dela eta

Azpeitiko eta Zestoako udalak 2016ko mar. 31a, 18:22

Iazko abuztuan, Azpetiko eta Zestoako udalok gutun bat bidali genion Foru Aldundiari, Lasaoko bidegorriaren inguruko arazoa konpontzeko eskatuaz. Bidegorriaren lotunearen arazoa zaharra da, baino iazko udaberrian irekitako bide berdeak nabarmen areagotu zuen, eta horregatik jo genuen eurengana.

Gutun horretan azaltzen genien pasabidea egiteko modu egokiena zela egun dagoen errepide azpiko pasabidea txukundu eta egokitzea, oinez nahiz bizikletan pasatzen direnentzat segurtasun neurri batzuk hartuaz. Bide horren zati bat Eusko Trenbideen Sarearen lurretatik pasatzen da, eta haiei ere bidali genien proposamena, teknikoki landuta. Aukera hori ez zutela egokia ikusten erantzun ziguten, bai batzuk eta bai besteek.

Aldundiak aurten, 2016. urtean, irtenbidea aurkezteko eta egiteko konpromisoa hartu du. Baina, azaldu dutenez (behin betiko proiektua ez dugu jaso) pasabidea errepide gainetik egitekoak dira, zebrabide bat jarrita, semafororik gabe.

Irtenbide horrek kezka sortzen digu, Lasao inguruetako herritarren eta bidegorriaren erabiltzaileen segurtasuna ez duelako bermatzen gure ustez. Errepide hori gure bailarako nagusiena izanda, gaur egun autoak eta bestelako ibilgailuak 100 kilometro ordu inguruko abiaduran pasatzen dira, eta hori oinezko edo txirrindularien segurtasunarekin uztartzea zaila dela iruditzen zaigu.

Guk argi daukagu irtenbide egokiena beheko pasabidea egokitzearena dela; inbertsio txikiena eskatzen duen aukera da eta, beharrezko neurriak hartuta, herritarren segurtasuna ondoen bermatzen duena. Horregatik, beste behin eskatzen diegu, bai Foru Aldundiari eta bai Eusko Trenbideen Sareari, Azpeitia eta Zestoa arteko bidegorriaren lotura Lasao parean errepide azpiko pasabidetik egiteko.

Bitartean, denbora aurrera doa; sei hilabete pasatu dira hasieran aipatutako gutun hori bidali genuenetik, urte erdi, gune horretan dagoen arriskuaz ohartarazi genuenetik. Eta egoerak bere horretan jarraitzen du.

Herritarren segurtasuna bermatzea da lehentasuna eta instituziook ardura horri eutsi behar diogu. Gu, bi udalok, horretara beharrezko baliabide eta ahalegin guztiak jartzeko prest gaude. Beste sei hilabete ez daitezela pasatu

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide