Gaur, apirilak 14, 250 urte dira Azkoitian eta Azpeitian Gariaren Matxinada piztu zenetik, eta urteurrenaren harira, urte osorako egitaraua prestatu dute Azpeitiko Kultur Mahaiak, Azpeitiko Udalak eta Azkoitiko Maxixatzen Euskara Elkarteak, elkarlanean.
Atzera begira jarri eta "ezer gutxi du 2016ko apirilaren 14 honetako Azpeitiak, 1766ko harekin, begirada azkar batean behintzat", azaldu du Josu Labaka Udaleko Kultura batzordeburuak. Hala ere, gaineratu du, "oinarrian uste baino puntu komun gehiago" dituela. Labakak azaldu duenez, "hura ez zen kasu isolatua izan, tabakoa, garia, mugak edota dena delako arrazoiak tarteko errebolta ugari izaten baitziren Euskal Herrian. Baita Europa osoan ere".
"Azkoitian ernatu eta Azpeitian indartu zen matxinadan gariaren prezioa jaistea zen eskari nagusia, baina ez hori bakarrik, herri gosetu batek agintari handiei emandako erantzuna ere izan baitzen hura", azaldu du zinegotziak. Hori horrela, esan du herritarrek "behar baino gutxiago" dakitela arbasoek garai hartan bizi izan zutenaz. Azpeitiko Kultur Mahaiak "ezagutza ere kultura" dela uste du, ordea, eta horren harira, transmisioa lantzea helburu eta urteurrena oinarri, prestatu dute urte osorako egitaraua.
"Gure herriaren historiaren parte izanik eta urteurrena aprobetxatuz, 1766ko matxinadako gertaera haiek kalera eta plazara eramanda, herritarren artean zabaldu nahi izan ditugu", azaldu du Josu Labakak. Bestalde, azpimarratu du, "gaurko gure Azpeitia eta langile borrokak azterten hasiz gero, izango genuke bi une historikoak nola lotu eta non elkartu".
Transmisioa lantzeko egitaraua
Asteartean hasi eta hurrengo urteko apirilera arte luzatuko den egitaraua prestatu dute, "guztiz itxita ez dagoena". Lehen egitasmoa Gariaren Matxinada oinarri izango duen erakusketa izango da, eta asteartean, hilak 19, zabalduko dute Sanagustin kulturgunean.
Maiatza eta ekaina bitarterako, hitzaldi zikloa antolatu dute. Guztira sei hitzaldi izango dira, hiru Azpeitian eta hiru Azkoitian. Arlo ekonomikoak, sozialak, kulturak eta umoreak nahiz emakumeak garai haietan betetzen zuten papera izango dituzte hizpide hitzaldietan. Iñigo Aranbarri, Juantxo Madariaga, Joseba Zuazo, David Zapirain eta Oihane Oliveri izango dira hizlariak, eta hau da hitzaldien egutegia:
- Maiatzak 10, Azkoitia: Iñigo Aranbarri, 1766ko matxinada, kultura eta umorea.
- Maiatzak 18, Azkoitia: Juantxo Madariaga, Euskal Herriko XVII. eta XVIII. mendeetako matxinadak. Ikuspegi soziala.
- Maiatzak 25, Azpeitia: Joseba Zuazo, Euskal Herriko XVII. eta XVIII. mendeetako matxinadak. Ikuspegi ekonomikoa.
- Ekainak 1, Azkoitia: Oihane Oliveri, Emakumeen rolak antzinaroan.
- Ekainak 8, Azpeitia: David Zapirain, Matxinadaren osteko kontrol soziala.
- Ekainak 15, Azpeitia: Iñigo Aranbarri, 1766ko matxinada, kultura eta umorea
Bestalde, eraikin historikoetatik ibilaldiak ere prestatuko dituztela jakinarazi dute. Udarara begira, 1766ko matxinadaren gaia haur eta gaztetxoekin landu nahi dute Kultur Mahaiak eta Azpeitiko Udalak, eta egitasmoak antolatzen ari dira dagoeneko. 2017ko apirilean itxiko dute egitaraua, ordurako prestatuko duten ekitaldiarekin.
1766ko matxinadaren inguruko liburua
Ildefonso Gurrutxagak idatzitako 1766. urteko Matxinada Azpeitian. Arrazoiak eta garapena liburua argitaratu du Azpeitiko Udalak. Josu Labakak azaldu duenez, "Ildefonso Gurrutxaga azpeitiarrak 1933. urtean <em>Yakintza</em> aldizkari euskaltzalean matxinadaz eta Azpeitiko garai hartako ekonomiaz egindako argazki zehatza da liburua, balio berezia duena".
Liburua doan eskuratu ahalko da hurrengo astetik aurrera, udaletxean nahiz liburutegian eskatuta.