Munduko Bigarren Gerra amaitu eta berehala Errusiaren eta Poloniaren arteko muga antolatzen ari zirela, planoaren gainean marraztu zuten lerroak nekazari baten lurrak zeharkatzen zituen erdiz erdi eta zalantzazko kasua zenez, berari aukeran ematea izango zela onena erabaki zuten. Galdetu zioten ea zer izan nahi zuen, errusiarra ala poloniarra, eta berak ez zuen zalantzarik izan, nahiago zuela poloniarra izan, erantzun zien, Errusian hotz gehiago egiten zuelako.
Bohumil Hrabalek kontatzen du gertakaria eta gizajo maitagarrien zerrendan sartu nuen neure azken nobelan, baina zerrenda horretako beste gizajo batzuekin gertatzen zaidan bezalaxe, pentsatzen jarri eta oso tipo azkarra zela ohartzen naiz eta neuk ere, espainiarra ala euskalduna, ea zer izan nahi dudan galdetuko balidate, antzeko zerbait erantzungo nukeela iruditzen zait, euskal herritarra izan nahi dudala alegia, Espainia grandea, kutrea eta bakarra delako, Europako herrialde aurreratuetan zigortzen diren jarrerak han txalotu egiten dituztelako, manipulatzaileak, handinahiak, hantustekoak direlako eta zerrenda ez da bukatzen. Oh! Gurean ere baditugu halakoak, esango dit norbaitek eta egia da; hemen ere badago ustelkeria usainik, esango dit besteak eta egia da, baina ez dago konparaziorik.
2004ean famatua egin zen Gasteizko Indarrap taldekoek atera zuten hip hop kanta bat. Guztiok gogoratzen ditugu ia-ia osorik haien hitzak, baina merezi du ahopeka bada ere berriro kantatzea. Honela zioen errepikak:
De Norte a Sur España huele a culo/ de izquierda a derecha España huele a culo/ arriba y abajo España huele a culo/ ¿España huele a qué? !España huele a culo!
Eta jarraitzen zuen taldeak:
España huele mal/ España huele a Rosa y a Bisbal/ a Norma Duval/ a Conferencia Episcopal/ quien gobierne da igual/ con la derecha Gescartera y con la izquierda el GAL/ cadáveres con cal/ olor fecal/ cual mierda en un pañal/ España huele igual/ que las mentiras de Carrascal/ que el nuevo código penal/ igual que la Audiencia Nacional/ España huele a cadáver descompuesto/ a rey puesto/ a escándalo de Banesto.
Eta jarraitzen zuten.
Hamabi urte igaro dira eta gauzak ez dira konpondu, hainbat arlotan okerrera egin dutela esan daiteke.
Katalanak, seny famatuaren jabe direlako edo guk baino fair play gehiago dutelako, "deskonexioaz" mintzo dira, independentzia entxufe bat kentzea bezain erraza balitz bezala. Seguru nago gurea dibortzio luze eta gatazkatsua izango dela, baina herrian erabakitzeko eskubidea irudikatu nahi duen erreferenduma gainera datorkigun honetan, nik dibortziatzeko eskubidea aldarrikatu nahi dut.
Izan ere kuriosoa da, 1991n bakarrik hamaika herrialde berri sortu ziren munduko mapan eta horietatik bakar bat ere ez da oraindik damutu edo ez du emandako bidean atzera egin. Horietako batzuek larri-larri irabazi zituzten erreferendumak. Montenegrok, esate baterako, 2006ko maiatzean egin zuen bozketa eta %55ekin atera zen independentziaren aldeko aukera aurrera, 2.000 botoren aldearekin, eta herrialde independentea izaten jarraitzen du.