Lizarra-Garazi garaia zen, eta euskal presoen eskubideen aldeko manifestazio nazional bat deitu zuten, urteroko horietakoa, baina orduan balio erantsi batekin egingo zen: ezker abertzaleko eragileez gain, EAJk edota EAk ere parte hartuko zuten; deitzaileetako ziren. 1999ko urtarrilaren 9an zen hitzordua, Bilbon. Azpeitian 400-500 lagun apuntatu ziren autobusetan joateko, eta plazan zeukaten irteera. Ateratzeko zain zirela, HBkoa ez zen zinegotzi bat denen aurretik pasatu zen, plazan gora; bost axola zitzaion Bilbokoa.
Urtarrilaren 9 hartako eguraldia bezain petrala zen, abertzaleen eremuan, herrietako giro politikoa eta pertsonala. Beraz, ez zen harritzekoa izan zinegotzi haren jarrera pasiboa –edo aktiboa, nondik begiratzen den–.
Nazio eraikuntza –Udalbiltza–, ETAren indarkeriak eza –su-etena– eta gatazka politikoaren konponbidearen muina –"Euskal Herriak hitza eta erabakia"– ardatz zituen proiektu bat zen Lizarra-Garazi. Gatazkaren ondorioak arreglatzeko bidean jartzeko ere lan bat egin nahi zuten; adibidez, sakabanaketaren kontrako aldarria eta presioa gehiago zabal zedin, Bilbon euskal presoen eskubideen alde manifestazio hura antolatuta. Ordukoa da Xabier Arzalluz, Carlos Garaikoetxea eta Arnaldo Otegi pankartan batera egon zireneko argazkia; ezohikoa.
Baina Lizarra-Garazi, ezohikoa bezain errotugabea zen oinarrian. 1998ko irailaren 12an sinatu zuten akordioa, eta une hartara arte euskal herritarrek ez zekiten zer ari zen mamitzen; goikoen artean, batzuen artean aritu ziren mamitzen. Politika egiteko modu bat da hori, klasikoa Euskal Herrian. Itunak ez zuen urte eta erdirik iraun, eta herritarrak pelikulako ikusle soil izan ziren. Azpeitian ere ez zuen funtzionatu Lizarra-Garazi txikiak.
2006an izan zen bake eta konponbide prozesuaren beste saio bat. Hein handi batean, Azpeitian bertan landu zena, gainera: Loiolan, Arrupe etxean, EAJren, Batasunaren eta PSE-EEren artean, Jaurlaritza, Espainiako Gobernua eta ETA jakitun zirela. Osagai garrantzitsuak lapikoan. Erabateko sekretismoan egin zuten guztia. Klasikoa da hori ere gurean. 2007ko udaran bukatu zen. Film hartan ere herritarrak, ikusle baino ez. Goitik ezarri nahi zuten gidoia.
Paradigma aldatzen ari da, nahiz eta horrek ez duen esan nahi kultura politikoa irauli egingo denik, alderdiek sobera pisu baitute euskal politikan. 2011n ETAk borroka armatua bukatutzat eman izanak beste giro bat sortu du, eta alderdiak baino gehiago euskal populua ari da baliatzen. Elkarbizitzan herritarrek emandako aurrerapausoak dira horren adibide bat, atmosfera egoki bat sortuz. Eta, Gure Esku Dago-ren sorreran (2013) oinarrituta, Euskal Herriaren estatusaz antolatutako herri galdeketak dira beste etsenplu bat. Aurreko prozesuetan ez bezala, herritarrek ekimen politikoa hartu dute; prozesu batean berme izan ohi da hori. Esate baterako, Azpeitian hor da Hitzartu plataforma, ekainaren 5eko galdeketaren antolatzailea. Instituzioek kontsultarik deitu ezean —Jaurlaritzak 2008an ez zuen deitu, ezta oraingoak ere, biek hala egingo zutela agindu arren—, herrietan egingo dira, herriak deituta. Izan ere: 1. Jule Goikoetxea (EHUko irakaslea): "Erabakitzeko eskubidean erabakia da inporta zaiguna, ez eskubidea. Falta zaiguna ez da eskubidea, erabakia da". 2. Juan Jose Ibarretxe (Agirre Lehendakaria Center): "Ez dago erabakitzeko eskubiderako biderik; erabakitzeko eskubidea da bidea".
Gure Esku Dago-k spot bat egin du ekaineko galdeketak direla medio, eta dio: "Pelikula nola amaituko den zure esku dago". Zer izan nahi du herritar xeheak, extra soil bat? Bere etorkizuna eraikitzen eta erabakitzen joateko aukera izanda, zer jarrera izango du, pasiboa?