Valen Garcia: "Proiektu pertsonal bat aurrera ateratzeko, ezinbestekoak dira mezenasgo plataformak"

Uztarria.eus 2016ko uzt. 7a, 20:37

Valen Garcia.

Azpeitiko Argazki Elkarteko kidea da Valen Garcia (Gasteiz, 1970). Argazkilaritzaz aparte, baina, baditu beste afizio batzuk ere. Horien artean dago zinema eta, bereziki, spaghetti western-a eta, oro har, Europako western-a. Horiek gai gisa hartuta osatu du bere aurreneko liburua, Guia del spaghetti western. Crowfounding kanpaina jarri du martxan, lana argitaratu ahal izateko.

Hiru urteko lana eta gero, prest dauka Valen Garciak Guia del spaghetti western liburua, bera bezala zinemaren genero horren jarraitzaile sutsu direnei zuzendutako 400 orrialdeko lan mardula. Western-ak Europan 1960 eta 1970 hamarkadetan izandako bilakaera, film aipagarrienen gomendioak, eurowestern guztien fitxa teknikoak (kartelak, fotogramak eta sinopsiak barne) eta argitaratu gabeko argazkiekin osatutako albuma dira liburuan jaso dituenak, zenbait protagonistaren bizipenekin batera.

Afizio hutsetik abiatuta gauzatu du proiektua. Laguntzailerik ez zaio falta izan bidean, baina orain gehiagoren bila dabil, argitalpena finantziatzeko. Liburuaz eta abian duen crowfounding kanpainaz hitz egin du Garciak Uztarriarekin.

Nondik datorkizu spaghetti western-aren inguruko zaletasuna?

Txikitan asko gustatzen zitzaidan indio eta bakeroetara jolastea. Gogoan dut, gainera, Bud Spencerren eta Terence Hillen filmak ikustera joaten ginela Soreasura eta Zelaitxora. Hala ere, udako zine emanaldi batean loratu zen spaghetti western-ari diodan zaletasuna, Hannie Caulder -Raquel Welch-ek egiten zuen pertsonaia- ikusi nuenean.

Hiru urtez aritu zara lanean. Nolakoa izan da prozesua, nolatan hasi zinen eta nola bukatu duzu? 

Orain dela hiru urte, ikusten nituen filmen izenak, zuzendariak eta sinopsiak apuntatzen hasi nintzen liburuxka batean. Momentu bat iritsi zen, ez nintzela gogoratzen film bat ikusita nuen edo ez. Orduan, koadernoan nuen guztia ordenagailura pasatu nuen, artxibo digital batean gordetzeko, pelikulen kartel eta guzti. Denbora aurrera, eginda nuen lan guztia ikusita, lagun batzuk eman zidaten liburu bat egitearen ideia. Hasiera batean lan asko zuen proiektua iruditu zitzaidan, baina asko gustatu zitzaidan ideia. Kontsultarako gida bat da, azkenean.

Rafael Romero Marchent zuzendariak eta George Hilton aktoreak lagundu dizute, besteak beste, liburua osatzen.  Zer erkarpen egin diote lanari?

Rafael Romero Marchenten adeitasuna eta aldez aurretik edozein ekarpen egiteko erakutsi didan jarrera eskertu beharrean nago. Oso pertsona eskuzabala da.

George Hilton ere, Rafa [Romero Marchent] bezala, hasieratik agertu zen laguntzeko prest. Berarekin elkarrizketa egin nuenean primeran pasatu nuen, gainera. Harrezkero adiskidetasun harremana sortu da gure artean, sare sozialen bidez mantentzen duguna.

Liburuan, filmazioetan bizitako esperientziak kontatzen dituzte biek, lankideekin, aktoreekin eta abarrekin izandako bizipenak.

Lehen begiratuan, liburu bisuala dirudi. 

Bai, hala da. Eduki grafikoa da liburuan garrantzia handiena duena; nire ustez, orain arte gai honen gainean argitaratu izan den edukiarekiko berezitasun aipagarriena hori du liburuak. Hamabost lagunek -diseinatzaileak, itzultzaileak, kazetariak- jarri dute euren alea liburuaren osaketan. Horrez gain, gaian adituak diren hainbat kolaboratzailek ere hartu dute parte. Horien artean, Jesus Cendonen, Guido Malteseren eta Xavi J. Pruneraren ekarpena oso garrantzitsua izan da, beren jakinduria guztia jarri dute liburuan, prozesuari jarraipen zehatza egiteaz gain. Lan guztia musu-truk egin dute eta orain promozio lanetan ere laguntzen ari zaizkit. Liburuaren zabalkundean eta sustapenean, hori bai, komunitate 'spaghettero' osoari eskerrak eman beharrean nago, buru-belarri ari dira-eta proiektua zabaltzeko ahaleginetan laguntzen.

Liburua osatzen duten irudi eta argazkien artean, zer izan daiteke irakurleak gehien harrituko dituena?

Kartelak eta eskuorrien azalak zaharberritzen eman dugu azken hiru urteotako lanaren zatirik handiena. Eta, emaitzak ikusita, merezi izan duela esan dezaket. Argazki bitxien eta ez oso ezagunen aukeraketa ere esker oneko lana izan da. Horiekin batera, beste bitxikeria batzuk ere badaude liburuan, material pertsonala barne; ezin dut edukiaren zati hori aurreratu, baina niretzat oso garrantzitsua da.

Zergatik desagertu zen generoa, zure ustez?

Uste dut hainbat faktorek eragin zutela spaghetti western-aren amaieran: argumentuak errepikakorrak ziren, zartakoetan oinarritutako spaghetti komikoaz aspertu egin ginen eta beste genero batzuk aukeratzen genituen: zientzia fikzioa, fantastikoa, poliziakoa, eta abar. Bestetik, telebista etxeetara iritsi zenean zapaturo eta igandero zinera joateari utzi genion, zer ikusi erabakitzerakoan aukera zabalagoa genuen.

Noiz ikusiko dugu zure lana liburudendetan?

Crowfounding-a abuztuaren 9an itxiko da. Ordura arte, kanpainan parte hartzen dutenek [orrialde honetan egin daitezke ekarpenak] 25 euroren truke egin dezakete liburuaren erreserba eta, horrekin batera, sariak edo opariak ere jasoko dituzte. Crowfounding-a martxa onean doa, 6.500 euro lortzea da helburua eta zazpi egunetan ia %40 lortua genuen. Mexikotik, Argentinatik, Txiletik, AEBetatik, Japoniatik eta Zeelanda Berritik ere egin dituzte erreserbak, besteak beste. Nire lagunek ere erosi dute liburua, batzuek baita bi ere, spaghetti western-a gustuko ez duten arren. Eta etxekoek ere bai, noski. Nire ilusioa betezen aguntzea nahi dute guztiek, azken finean. Kultur proiektuentzako diru-laguntzak gero eta murritzagoak dira eta, gisa honetako proiektu pertsonal bat aurrera ateratzeko, ezinbestekoak dira mezenasgo plataformak.

Finantziazio kanpaina amaitu ondoren iritsiko da liburua dendetara; 40 euroren bueltako prezioa izango du saltokietan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide