Uztarrian muralari buruz idatzitako iritzien harira

Axier Baglietto Gabilondo (Harremonak Hezkidetza egitasmoko arduraduna) 2016ko abu. 3a, 13:18

Ez da nire asmoa, ez ohitura, interneteko gutun-erantzunen kate amaigabean sartzea, elkar ulertzeko baino sestran aritzeko edo arrazoi lehiarako tentazio handiegia ematen baitu anonimoki idazteko aukera honek. Alabaina, J., zuk idatzitako bi gutunek oso eztabaida interesgarria jarri dute sarean. Gutxitan izaten dugu ikuspegi ezberdinetako pertsonek gizontasunaz eta indarkeria matxistaz hitz egiteko aukera, eta zentzu honetan, eskertu nahi nizuke zuk jarritako alea, bai eta eztabaida osasuntsurako zure jarrera ere.

Kaixo J.

Hasteko, bigarren gutunean irakurri ditudan hainbat kontu oso interesgarriak iruditzen zaizkidala aipatu nahi nuke, eta gai hauek zintzoki kuestionatzea osasuntsua dela iruditzen zait, baldin eta ez badira gai honetan dugun ardurari izkin egiteko erabiltzen. Gutunean aipatzen dituzun argudioetako batzuei heldu nahi nieke, ahalik eta argi eta laburren.

Gizonok jendarte antolaketa honetan kalteak ere jasaten ditugula baieztatzen duzu, eta bai, halaxe da. Eta gainera, gutxitan aipatzen dira, gutxitan dira borroken jomuga. Gizonoi txikitatik gure gizatasuna erauzten zaigu. Gizonak, izatez, arduragabeak, gupidagabeak, harroak, indarkeria-zaleak, gogorrak, emozioz antzuak, ez axolatiak garela sinestarazten zaigu, edo behintzat ez emakumeak eta gainerako gizakiak bezain beste. Eta horrela ikasten ditugu, guk geuk jokabide horiek, Eta hala jarduten gara, askotan, gainerakoekin eta batez ere beste gizonen aurrean. Eta guretzat erreserbatuta dauden rol horien ondorio dira zuk aipatutako kalte horietako asko (hilketa eta indarkeriaren eragile eta biktima nagusienak izatea, kartzelak gizonez beteta egotea, droga kontsumoak, alferrikako arrisku jarduerak, istripuak...). Eta zuk esan bezala, ez honek ez du berebiziko arretarik jaso feminismoaren aldetik orain arte. Baina...zer da ba, hori ere emakumeen ardura? Emakumeak matxismoak, eta kasu askotan gizonok, zapalduak egon eta gainera gure kalteez eta askapenaz arduratu behar al dute? Guk geuk, gizonok antolatu behar genuke jasaten ditugun kalte eta bazterkerien aurka, bai eta jendarte honetan dugun posizio pribilegiatuagatik gainerakoei sortzen zaizkien bazterkerien kontra ere.

Oso interesgarria iruditzen zait erruduntasun sentsazioa. Gizonezko izateagatik, sarri egoeraren errudun sentitzen garela, eta batzuetan gizon izate hutsagatik munduko edozein gizonek eragindako kaltearen arduradun egiten gaituztela. Mutilekin edo gizon helduekin lan egiten dudanean nabarmen sentitzen dugun zerbait da. Badira erruduntasun sentsazio honetan hainbat elementu lagungarri. Bi azpimarratuko nituzke nik. Lehendabizikoa, lehen aipatu dudan gizonon deshumanizazioa eta gizontasuna eta indarkeriarekin egiten den identifikazioa, sarri guk geuk sinetsi ere egin duguna. Gizon estereotipo hori nagusi izanda, ez da harritzekoa hain larria den egoera muturren aurrean jartzen digutenean errua sentitzea. Bigarrena, emakume asko egoera bidegabe honekin eta gizonon pasibotasunarekin amorratuta daudela esango nuke. Ez dut justifikatuko haien haserrea, baina bai uler dezaket haien mina eta gurekiko sentitzen duten inpotentzia. Amorru hori hor dela onartuta, bi aukera ditugu. Bata, hortaz kexatzea, eta hori aitzakia hartzea feminismoak kritikatzeko, egoera honek gurekin zer ikusirik ez duela baieztatzea (ukazioa eta biktimismoa), edo bigarrena; asumitzea zapalkuntza egoera honetan emakumezkoak (eta transexualak, homosexualak, prostitutak, pobreak....bazterrekoak alegia) direla galtzaile nagusiak eta guk geuk, gizon pribilegiatu moduan eskura ditugun baliabideak erabili behar ditugula botere harreman desorekatu hauek desager daitezen.

Zure ikuspegian, gizon eta emakumeon arteko zapalkuntzaren jatorria indarrean datza batez ere. Gizonak emakumeak baino indartsuago izatean. Eta hortik ondorioztatzen duzu emakumeak beti egon direla zapalduak, eta babesten ez baditugu beti hala izango direla. Indar fisikoa baino gizon eta emakumeon arteko aldea beste indar batean dagoenaren ustea dut nik, boterearen eta baliabideen banaketan. Jendarte honetan, baliabideak oso modu desorekatuan daude banatuta gizon eta emakumeon artean oraindik ere. Horren erakusgarri datu gordin gutxi batzuk: Munduan 10 pobreetatik ia 7 emakumezkoak dira, Elikatu gabeko 10 lagunetik 8 emakumeak dira, alfabetatu gabetatik %70 emakumezkoa da, lurren jabetzaren %1a soilik dago emakumeen esku. Eta banaketa desorekatu hau mantentzeko sortu da mendeetako ikuspegi androzentriko eta matxista. Injustizia mantentzeko sortu zen makineria ideologiko oso bat, indarkeria ikusezin eta natural bihurtzen duena, emakumeak ahultzat jotzen dituena, ahul, manipulatzaile eta probokatzailetzat. Injustiziari eusteko sortu zen lana enpleguarekin lotzen duen ikuspegia, zaintza lan guztiak ikusezin bihurtzen dituena. Banaketa injustu honi eusteko sortu zen jabegoan eta esklusibotasunean oinarritutako maitasun erromantikoaren iruditeria, gizon eta emakumeen sexualitate eredu hain kontrajarria, banaketa injustu hori mantentzeko sortu zen gizonon sexualitatea eta indarra kontrolaezina direnaren irudia, eta abar luze bat....Hortaz, arazoa ez da indar gehiago izatea. Arazoa oraindik gure artean dagoen botere banaketa desorekatua eta hau eusten duten pentsamendu, ideologia, rol eta estereotipoak dira, arazoa, ditugun gizon eta emakume eredu hertsi eta itogarriak dira.

Gizonak pertsonak garela sinesten dut nik, eta gure gizatasuna berreskuratzeko aukera dugula. Bestela ez nintzateke hezkidetza programa honetan neska mutilekin lanean arituko. Eta ez nuke nahi pentsatzerik jarrera hauek gizonon esklusiba direnik, baina ez dezagun ukatu jaso ditugun ereduen artean dagoen aldea. Eta nire ustez arazoa ez da soilik gizonok (ikasitako) matxista bat dugula barruan. Esango nuke, jendarte honetan gauden guztiok matxismoa eta beste hainbat jarrera zapaltzaile barneratuak ditugula, denok onartzen eta erreproduzitzen ditugula rol sexistak eta horrek esplikatzen duela zergatik oraindik neska txikiei printzesa deitu eta opari kaxa gisa mozorrotzen ditugun (intentzio onenarekin) eta mutilei ezpatak eta pistolak konplexurik gabe oparitzen dizkiegun, eta kostata egingo dugun alderantziz. Zergatik neska baten gonaren neurria eztabaida iturri den, etor daitekeen eraso baten probokaziotzat ikus dezakegun eta sekula ez genukeen mutil baten galtzaren neurriaz halakorik planteatuko, zergatik baloratzen diren hain ezberdin neska eta mutilen jokabide sexualak (puta, el puto amo....) eta abar luze bat. Sinesmen horiek dira gizon eta emakumeen arteko desorekari eusten diotenak eta gure betiko roletan mantentzen gaituztenak.

Ez nuke bukatu nahi aipamen bat egin gabe bai gazteekin eskoletan egiten ari garen lanaz, zein gizonok aurrerantzean nire ustez ditugun erronkez.

Matxismoak eragiten duen zapalkuntza mende luzeetakoa da, eta ez feminismoak hamarkadak egindako lanak, ez legez berdintasuna aitortzeak ez dute lortu oraindik matxismoa gu guztion burmuinetatik erauztea eta parekotasunean bizitzen ikastea. Horregatik ezinbestekoa da eskoletan, hain ondorio larriak dituen zapalkuntza honi buruz hitz egiten eta pentsatzen jarraitzea. Ikuspegi ahalik eta osoena emanaz, kulparen ordez arduraren mezua zabalduz. Indarrak matxismoaren eta bereizkeriaren aurka bilduz eta ez inoren aurka. Gizonok jasaten ditugun kalteen inguruan ere arreta jarriz, eta gizonak haien aurrean antolatzera animatuz.

Eta gizonok, zer egin dezakegu? bi jokabide aukera nagusi ikusten ditut, nolabait sinplifikatzearren. Bata, orain arte nagusi izan dena. Egoera gutxietsi, garrantzia kendu, ekidistatziaren diskurtsoa zabaldu, berdintasuna lortu dugula aldarrikatu, beste alde batera begiratu, feministek diguten gorrotoa aitzakia hartuta feminismoari eraso egin.... Feminismoak, zorionez, ez du berdintasun formal hau sinetsi, eta borroka feministak aurrera egiten duen heinean, gizon eta emakume izateko ereduak kuestioan jartzen dituenean, berdintasun formaletik harago boterearen banaketa kuestioan jartzen duenean, ikusezin izan den indarkeria bistarazten duenean, gizon batzuen jarrera defentsiboa indartzen ari dela ikus dezakegu.

Eta beste aukera, munduaren banaketa desorekatua aitzakiarik gabe aitortzea, gure inguruko emakumeei zintzo entzutea, gizon gisa jasaten ditugun kalteei begiratzea, gure artean elkartzea eta jendarte honetan betetzen ditugun rol matxistak berrikustea, elkar zaintzen ikastea, gure gizatasuna berreskuratzea, beste gizon eta emakumeengana umiltasunez eta xamur gerturatzea, indarkeria salatzea eta honekiko edozein konplizitateari uko egitea...

Indarkeria matxista indar kontua bakarrik balitz, emakumeak babestea, beste neurririk ez litzaioke geratuko jendarte honi. Aldiz, indarkeria matxista, ideologia, eredu, rol eta botere kontua da. Urtero milaka emakume hil, bortxatu eta erasotzen baditu matxismoak, nik ezin dut onartu aukera bakarra emakumeak babestea denik. Indarkeria honen eragileak nagusiki gizonak bagara, zerbait kuestioan jarri beharra izango dugu, ezta? Errudun sentimendutik atera eta gure burua kuestioan jartzea, horra aurrera begira dugun erronka.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide