‘Aukeraezina’ omen da Arnaldo Otegi. Inoiz entzun gabeko adjektiboa jarri diote orain, lasai askoan eta inongo konplejorik gabe. Baina hitz ulergaitz horrek ezin du esandakoaren larritasuna ezkutatu: herritarrek ezin dutela aukeratu esan dute; zuk, zuek, guk, ez dugula erabakitzeko eskubiderik, hain gordin eta gogor. Eta hori, demokraziaren oinarri-oinarriaren kontra jotzea da, zure, zuen, gure eta herriaren eskubide funtsezkoa ukatzea. XXI mendean, 2016ko abuztuan, eta Euskal Herrian, Hauteskunde Batzorde batek egina.
Kontua ez da, beraz, Arnaldo Otegi bai ala ez; epaia ez da EH Bildu bai ala ez; hemen erabakitzen ari dena da herria bai ala ez, demokrazia bai ala ez. Eta hori kanpaina, hauteskunde, eta botoez harago doa. Eta hor denok dugu zer galdua, zuk, zuek, guk; herriak.
Baina betiko lepotik burua dutenen aurrean, ez dugu eztabaida kontu honetan soilik korapilatu nahi. Ez, herriaz, herri proiektuaz eta herritarrez hitz egiteko garaia da, eta horretaz hitz egin eta eztabaidatu nahi dugu. Herri honen etorkizuna dago jokoan, eta guztiok daukagu horren inguruan hitz egin eta erabakitzeko eskubidea. Ez Hauteskunde Batzordeak ez inork ezin digu eskubide hori ukatu, ez zuri, ez zuei, ez guri, ez herriari. EH bilduk badu herri proiektu bat, proposamen politiko, sozial, ekonomiko eta kultural ilusionagarri bat, eta zuk, zuek, guk; herriak, erabakiko dugu aukeratzeko modukoa den ala ez. Ez beste inork.
EH Bilduk badu hautagaia, Arnaldo Otegi, bere oinarriak aukeratutakoa, eta zuk, zuek, guk; herriak erabakiko dugu balekoa den ala ez. Bera da gure lehendakaritzarako hautagai bakarra, eta bera izango da aurrerantzean ere.
Ez dugu baimenik eskatuko libre izateko, ez eta barkamenik ere hala izateagatik. Ez zuk, ez zuek, ez guk; ez herriak ere.
Beraz, egin irri, aukeraezina aukeraekinez aukeragingarri egingo dugulako; zuk, zuek, guk, herriak.