Bandera arrotz horren kontuekin hasita: Gogoratzen dut atxilotu nindutenean, orduan ere legalitatea bete nuela derrigorrez. Akordatzen naiz gure egunkaria itxi zutenean, legez etorri zirela, armaz josita, hori bai, eta ederki itxi zutela, orduan ere legalitatea bete genuela. Beren legalitatea, gurea ez dena. Burura datorkit herriko gazteek legalitatea bete zutenekoa edo betetzen dutenekoa, Espainiako bazter ilunak ezagutzera behartuta. Pentsatzen jarrita, Otegik ere bete zuen bere epaia, kartzelan, eta bete beharko du legeen zaindarien inhabilitazioaren epaia.
Ziztada bat somatzen dut, orain berri Lehendakariari entzun diodan pragmatismoaren aldarrikapena, hausnarketa ederra. Pragmatismoa horren erroek aspaldi jarri zuten piperpotoa gure herriko plazan, eta pragmatismo hori ez da berria, beti defendatu du gure herria beste herri batzuen menpe barneratu behar dugula.
Orain sinestarazi nahi digute egoera aldatzea ez dagoela gure esku, beraiek aspaldi bete zutela legalitatea eta besteok tragatu egin beharko dugula eta hori dela geratzen zaigun aukera bakarra, beraien mailan jarriaz. Baina ez da obligazioa guretzat arrotza den legalitatea betetzea Udalean. Ez da egia ez dagoela beste aukerarik.
Gure beste aberriak erakutsi digu bidea. Katalanek erakutsi digute gurea ez den bandera kentzeko bidea. Baina hori, hausteskunde garaietako boto esketik haratago, pragmatikoentzat bide gogorregiak dira, etekin hobeak ditu epelkerian jarraitzea. Bide honetan espainolak izango gara eta izaten jarraituko dugu, eta ez da legalitatea betetzea besterik garatuko. Urte asko pasatu eta beste aukerarik ez da izango erabakitze eskubidearen alde benetan ez badugu egiten.
Hori da tranpa, erabakitze eskubidearen alde egotearen aldarria egin, eta horren aldeko gehiengo politikoa dagonean beste zeozer egitea hobe dela defendatzea, eta gainera, ondoren, hausnarketa eskatu legalitate arrotz kontuekin besteoi. Baina, badago alternatiba, posible da piperpotoa kentzea. Gure esku dago eta irailaren 25ean berriz ere gure esku egongo da plazako bandera kentzea. Herritarrek kendu dezakete, eta irailaren 25ean bozka emanez izango dugu lehen aukera.
Egiaz jokatzeko ordua da, trikimailuak eta epelkeriak utzita, argi hitz egiteko unea eta aldarrikatzeko gure euskaltasunak ez duela arbola genealogikorik, ez zalduntxorik edo señoritorik, ez koronelik eta ez haizerik gabeko ikurrik. Gure euskaltasuna guretzat baso bat da, gailur bat, lore bat, liburu bat da, gurea mundu bat, itsaso bat da, bertso bat eta "mea culpa"rik gabeko bekatu bat da.
Gurea euskaltasunaren bidea da eta nahi baduzue elkarrekin egingo dugu.