Euskara eta euskal estatuaren aldeko botoa

Haritz Garmendia (Soziologian doktoregaia, UPV/EHUn) 2016ko ira. 23a, 18:08

Irailaren 25ean egingo diren Eusko Jaularitzako hauteskundeetan, euskararen normalizazioaren alde dauden hautesleek har dezaketen erabakirik egokiena da euskal Estatua lehenesten duten alderdiei botoa ematea. Jarraian, posizio hau arrazoitzen saiatuko naiz.

Demokrazia ordezkatzaileetan, alderdi politikoak hautesleen borondatea politikoki kanalizatzeaz arduratzen diren entitateak dira. Entitate horiek prozesu historiko baten emaitza dira, eta gizarteko cleavage edo gatazka-ardatz nagusien inguruko mundu ikuskera jakin bat izateak ezaugarritzen ditu. Ildo horretatik, honako hau da datozen hauteskunde hauetan hautesle euskaltzalearengan sortzen den galdera: Zein alderdik ordezkatzen ditu ongien sektore euskaltzalearen interesak?

EAEko alderdi sistema egungo Europa mendebaldeko gizarte demokratikoen sorrera ahalbidetu duten iraultza nazional eta industrialek eragindako gatazka-ardatzen logikan ulertu behar da. Alde horretatik, egungo EAEko alderdi sistemak bi gatazka-ardatz ditu oinarri: bata, ezker-eskuin ardatza, eta bestea, zentro-periferia ardatza. Alderdi nagusiei dagokienez, lau familia nagusi bereiz daitezke: zentro-ezkerreko euskal alderdiak (EH Bildu), zentro-eskuineko euskal alderdiak (EAJ), Espainian ardaztutako zentro-ezkerreko alderdiak (PSOE, Podemos) eta Espainian ardaztutako zentro-eskuineko alderdiak (PP eta C´s). Bosgarren multzo bat ere bada, Bigarren Mundu Gerraren ostean gertatu zen iraultza postindustrialak eragindako gatazka-ardatz postmaterialistak (feminismoa, ekologismoa eta abar) oinarri dituzten alderdiena. Gatazka-ardatz horiek, gaur egun, bigarren mailako ardatz estrukturatzaileak dira.

Euskal alderdi sistema egituratzen duten bi gatazka-ardatzei dagokienez, honako hau argitu behar da: ezkerraren eta eskuinaren arteko gatazka-ardatzaren oinarria klase ezberdinen arteko botere-erlazioa da, eta zentroaren eta periferiaren arteko gatazkarena, berriz, zentroak eta periferiak ahamen politikoa lortzeko duten lehia.

Ahalmen politikoa, Jule Goikoetxeak esango luken moduan, erakundetutako eta lurraldetutako boterea da; errealitate sozial eta politikoak (bir)sortzen eta egituratzen dituena. Definizio horren arabera, ahalmen politikoa ulertzeko, auzia erakundeen boterearen eta birsortutako diferentzien parametroetan kokatu behar da. Bi parametro horiek, txanpon beraren bi aurpegiak dira zentro-periferia gatazketan.

Erakundeen botereari dagokionez, Estatuaren erakunde multzoek metatu dute ahalmen politiko gehien, eta ondorioz, Espainiar Estatuko erakundeekin alderatuz gero, prekarioa da egungo Euskal Estatu Erakundeek errealitate soziopolitikoak sortzeko daukaten boterea.

Jarraitu irakurtzen Berria-ren webgunean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide