Hizkuntza gure lurguneari lotuta dagoen ezaugarria da, gure sustraietatik elikatu dena urteetan eta mendeetan. Euskara ez da azken hamarkadetan abertzaleek sortutako estrategia bat, trikimailu bat. Begira Espainiara, Frantziara edo Kataluniara, urrutira joan gabe. Han hizkuntza bera partekatzen dute herritarrek, izan eskuineko, ezkerreko edo anarkista. Gu, gure herri txiki eta maitatu honetan, ez gara gai ikusteko guztiok konpartitu dezakegun gauza dela hizkuntza, ez duela kolore politikorik izan beharrik, eta elkarbizitzaren oinarrietan txertatu behar dugula.
Ez dugu ulertu hori, ez batzuek, ezta besteek ere. PSE-EEk eta PPk, besteak beste, baztertzailetzat definitu dute euskara beraien kanpainatan, administrazio publikoan, behintzat. Haien arabera, herritar batzuei ukatu egiten zaie administrazioan lan egiteko aukera, hizkuntza ez menderatzeagatik. Horrek bere tranpa du. Eskubideak ukatzen zaizkien herritarrak ez dira administrazio publikora sartu nahi dutenak (ez dakit hori eskubide bat ote den ere...), eskubideak urratzen zaizkien herritarrak gu gara: gure gurasoak, aiton-amonak, seme-alabak, lagunak. Euskaraz egiteko eskubidea ukatzen diogu medikuari mina non duen azaldu ezin dion umeari, administrazioko harreran bere beharrak azaltzen asmatzen ez duen adinekoari edo udaltzaingora salaketa bat jartzera doan gazteari. Behin eta berriro errepikatzen digute bi hizkuntza ofizial daudela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, baina joko horretan, euskaldunak dira beti espaloitik jaitsi behar dutenak, beraien hizkuntza utzi, eta "guztiek ulertzen duten" hizkuntzan mintzatzeko.
Jarraitu irakurtzen Urola Kostako Hitza-ren webgunean.