Azpeitian aurreneko aldia izango da magiarekin halako egun berezi bat antolatuko dena eta Gala Nagusiarekin emango diezue amaiera. Zeuk bertan hartuko duzu parte. Nolako gala izango da?
Magia gala bat magia topaketetako klasiko bat izaten da. Bertan hainbat magok hartzen dute parte, bakoitzak saiotxo bat egiten du eta saiotxo bakoitzaren artean aurkezleak beste numero parte hartzaile batzuk egiten ditu. Gure kasuan Tor eta Txoborro izango ditugu ilusio handiak egiten, Jon Zabalek mentalismoaren bazter ilunenak erakutsiko dizkigu bere umore finez, Marsel magia klasikoaren ordezkaria izango da eta D´Albeniz mago gasteiztar gazteak aurtengo 2. Manipulazio Sari Nazionala erakutsiko digu.
Zu magoa zara izatez, baina aurkezle gisa arituko zara oraingoan. Ardura gehiago da azken batean ezta?
Horrelako ikuskizunetan aurkezlearen papera numeroen bitartean jendearekin egotea da, teloi atzean eszenatokia saio batetik bestera prestatzen den bitartean jendea entretenitzea. Aurkezleak ere magia egiten du, noski, eta niri pertsonalki asko gustatzen zait figura hori. Publikoarekin lotura estua du, antzerkian ez bezala laugarren hormarik ez dagoelako, zuzenki hitz egiten zaio audientziari.
Herriko lagun talde batek antolatu du, baina laguntzen aritu zara zeu ere egun hau antolatzeko. Zergatik?
Bi gauza erantzun ditzaket, erantzun pragmatikoa edo erromantikoa. Alde batetik, ni magiaz bizi naiz.... beno, gaur egun nork ez du magia egiten bizitzeko... Baina berekoiki ikusita, niri komeni zait magia modan egotea eta ahalik eta herri eta antzoki gehiagotan magia arte bezala onartzea, horrela ere lanerako aukera gehiago izango ditudalako. Baina egia da magian, ilusionismoan, espektakulu munduan lan egiten dugunok esango nuke, guretzat pasioa eta lana gauza bera direla eta egiten duguna maite dugula. Beraz, ez dago proiektu atsegin eta polit batekin atea jotzea baino gu horretan buru-belarri sartzeko, kasua izan den bezala.
Gaur egun, Euskadi Irratian duzun tartearekin-eta, ezaguna zara. Baina noiztik zabiltza magia ikuskizunak egiten. Badago aukerarik?
Ezaguna ezaguna... Beno, nire ahotsa noizbait magiaren inguruko bitxikeria eta txiste txarrak kontatzen entzungo duenik egongo da hortik zehar, baina horregatik gustatzen zait irratia, medioetatik misteriotsuena delako. Egia esan, txikitatik ikusten dut nire burua magiarekin eta antzerkiarekin saltzeatzen. Irratian piloa gozatzen dut ere eta piloa eskertzen dut astero-astero txoko hori irrati uhinetan izatea. Profesionalki bi urte daramatzat magian bakarrik sartuta, baina egia da aurrerago ere ikuskizunak egiten nituela. Horrelako lanetan ezin zara egun batetik bestera hasi, enpresa handi baten sartuko bazina bezala. Prozesu luze bat da, eta gutxinaka-gutxinaka ikasten zoaz ikusleak nola tratatu, nola eraiki ikuskizun bat, trikimailuak nola ordenatu, zer egin, zer ez... Esango nuke inoiz ez duzula ikasteaz bukatzen. Eszenatokira igotzen zaren bakoitzean zerbait ikasten duzu, eta polita da hori. Eta aukerak ez badaude, aukera horiek sortzea ere nire lana da.
2014an, Estatuko Magia Topaketetan areto magiako 2. saria lortu zenuen. Horrek ondorio positiboak ekarriko zizkizun ezta?
Sariak arte batean publizitaterako baino ez dutela balio uste dut. Azken finean nik uste dut magia arte bat dela, arte dramatikoen barneko atal bat, eta sari bat izateak ez du asko esan nahi. Noski, pozten zaitu izateak, magoen arloan onarpena ekartzen du, baina ez du esan nahi inolaz ere bigarren magorik onena naizela, ezta gutxiago ere. Momentu horretan kongresu horretan aurkeztu zirenetatik, epaile batzuek nire saiotxoa aukeratu zuten bigarren. Besterik ez. Ea honek nire bizitza profesionalerako balio zidan? Bai, noski, baina sarien kontua arriskutsua izan daiteke, artistaren benetako lehiaketa egunero-egunero, oholtza guztien gainean ikusleak irabaztea delako, ez etxeko apalak sariz beteta izateko. Ez du ezertarako balio sari bat izateak gero urtean zeharreko ikuskizunetan gogo eta intentsitate berarekin lan egiten ez badugu eta ikusleak bereganatzen ez baditugu. Ikusleak ez ditu sariak kontatzen, ikuskizunean zenbat aldiz harritu den, barre egin duen edo txalokatu duen zenbatzen du, eta hori da inportanteena.
Zapatuan ikusiko gara Azpeitiko kaleetan eta Soreasu Aretoan. Nola animatuko zenituzke herritarrak kalera ateratzera eta magiaz gozatzera?
Topaketa honetan era guztietako magia ikusi ahal izango da, gertuko magia kaleetatik, karpa magikoan areto magia eta, nola ez, Soreasu Aretoko Gala Nagusia. Guztion gusturako magia izango da bertan gainera, eta askotan pentsatzen denaren kontra egin nahiko nuke hemen aipamentxo bat. Magia umeentzako dela pentsatzen duten horiek eman diezaiotela magiari aukera bat, benetan harrituko direlako. Magia umeentzako baino, barnean dugun umeari aurrez aurre hitz egiten dion artea delako. Animatu zaitezte beraz!
Eguneko programa
Gertuko magia (Alde Zaharrean, 12:30-14:30). Tor, Txoborro eta Juan Paños magoak kalean ibiliko dira jendeari bertatik bertara magia eginez.
Karpa magikoa (Perez Arregi plaza, 13:00, 13:45, 17:00, 17:45 eta 18:30). David Blanco eta Perez Jaunaren karpa misteriotsuan une magikoak biziko ditugu ilusionismo teknikekin eta antzerkia uztartuta. 30 minutuko bost emanaldi eskainiko dituzte, 40 ikus-entzuleentzako karpa magikoan.
Gala nagusia (Soreasu Antzokia, 19:00). Imanol Ituiño magoak aurkeztuta, magia saio ezberdinak ikusiko ditugu D'Albeniz, Tor, Txoborro, Jon Zabal eta Marsel magoen eskutik. Manipulazioa, mentalismoa, ilusionismo handiak... Hitz batean, magia.
Sarrerak salgai Sanagustin kulturgunean eta www.kulturaz.eus atarian.
Zozketa
Karpa misteriotsurako sarrera ostirala aurretik erosten dutenen artean (2 euro, Sanagustin kulturgunean salgai). Gala Nagusirako 2 sarreren zozketa egingo da.