Gizartera-tzeko ere balio digu lanak, lagunak egiteko edo etsaiak, baina gutxienik jendartean ibil-tzen gara lan askotan, edo lanera bidean. Orduak pasatzen ditugu lanaz hitz egiten, kexa-tzen gehienean, eta ohiko galderak dira: Zertan egiten duzu lan? Edo, zer moduz lanean? Bizitzaren zatirik handienetako bat lanean igarotzen dugu, geure etxea ordaintzeko, autoa, oporrak, jan ahal izateko, eta noski, ametsak betetzeko. Baita ere, lana egiten dugu denbora libre gehiago izateko, honela adibidez, ontzi-garbigailua, zorua garbitzeko robot borobilak, kafea berehala egiten digun makina, eta beste hainbat aparailu erosten ditugu, eta noski, berauek behar duen argindarra. Beraz, lanean ordu gehiago igarotzen ditugu, ondoren, etxean lan gutxiago egiteko.
Orokorrean, ez dago gure esku lana eta aisiaren arteko oreka egoki kudeatzea, lantegiko nagusiaren beharren arabera, gure erabakitzeko euskubide hori, gehienean galdua baitugu. Beraz, oinarrizko behar bat izanik, diruaren truke, ia denetik egiteko prest izaten gara, eta ez bagara, beharrak horretara eramango gaitu. Oso urrun geratzen zaizkigu haurrak ginenean amesten genituen lanak. Adibidez, neuk zaldun izan nahi nuen, baita elurretako lera gidari, kirolari famatu, egunaren arabera ametsak ere aldatzen joaten ziren garaiak ziren, eta nahiko libre ginen sinesteko, akaso, egunen batean nahi genuen hura lortuko genuela. Hala erakusten zigun telebistak, eta AEBetako banderak miresten genituen. Hala moduz, ohartu nintzen, nire ametsak lortzeko aukeraren bat nahi banuen, goizean goiz esnatu beharko nuela, gutxienik zortzi ordu pasatu beharko nituela, inolaz ere zoriontsu egiten ez ninduten gauzak egiten, sarritan gogozkontra eta motibazio gutxirekin. Hala ere, nire zorte ona ez da txikia, milaka lan okerragoak badirelako, eta beste milaka pertsonek ez dutelako lanerako aukerarik. Egun bateko kontratuak, kaleratzeak, duintasunik gabeko lanak, eskubiderik gabekoak, ahotsik gabekoak, segurtasunik gabekoak, ordu batzuetakoak. Dena, bizi ahal izateko diru apur baten truke.
Ekintzaile ausartak
Badira zenbait pertsona miresten ditudanak, ausartak izan direlako, beraien proiektu propioak aurrera ateratzen saiatu dira, eta emai-tza ona edo txarra izan, balorea eman behar zaio izan duten kemenari. Bestetik, atsegin ditut, soilik beren beharrak betetzeko egiten dutenak lan, gainerako denbora gozatzeko hartuz. Gustatuko litzaidake benetan atsegin dudan lan bat izatea, zoriontsu izateko egiten dudan horretan, oporretan beala izatea lanean.
(187. Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzia).