Hezitzaileak kezkatzen dituzten gaiak dira eskolako jazarpena (bullying-a) eta ziberjazarpena (ziberbullying-a). Horregatik, gai horien inguruan gurasoekin hitz egitea otu zitzaien Gaztelekuko eta GIBko arduradunei, duela hilabete martxan jarri zuten Gurasoen Komunikazio Txokoan. Joan den azaroaren 9an egin zuten gaiaren inguruko aurreneko saioa, baina berriro egitea erabaki dute. Hala, bihar, azaroak 24, jazarpenaz eta ziberjazarpenaz arituko dira hizketan 19:00etan hasita, Gaztelekuan.
Aisialdiko heziguneetan ez ezik, ikastetxeetan ere ari dira bullying-aren eta ziberbullying-aren inguruko lanketa egiten, Interneten eta sare sozialen sentsibilizazio kanpainaren barruan. Gai horien inguruko prebentzio kanpaina abian dago, baina Gazteria Saileko hezitzaileek adierazi dutenez, nerabe gehienek dagoeneko sarri erabiltzen dituzte Internet zein sare sozialak, eta horrek kezkatzen ditu: "Ohikoa da sare sozialen erabilera nerabeen artean, baina ez dakigu horren inguruan zenbaterainoko heziketa jaso duten, eta horren ondorioz bullying eta ziberbullying kasuak areagotzen ari dira".
Horregatik, gai horien inguruan gurasoekin hitz egitea "ezinbestekoa" dela uste dute Gurasoen Komunikazio Txokoko sustatzaileek: "Garrantzitsua iruditzen zaigu gaia gurasoekin lantzea, eta euren iritziak jasotzea. Izan ere, sare sozialen eta interneten inguruko gaia etxetik kanpo lantzeaz gain, etxean ere jaso behar dute gaien inguruko heziketa". Hala, antolatzaileek dei egin diete gaiak interesatzen zaizkien gurasoei solasaldian parte har dezaten.
Gurasoen Komunikazio Txokoa, martxan
Joan den irailean jarri zuten martxan Gurasoen Komunikazio Txokoa. Egitasmoa nerabeekin bizikidetza duten eta garai hori elkarbanatu nahi duten gurasoei zuzenduta dago, eta honakoak dira egitasmoaren helburuak besteak beste: nerabezaroan dauden gazteekin sor daitezken zalantzak eta gatazkak ulertzeko eta elkarbanatzeko gunea eskaintzea, orientazioa eskaintzea eta nerabezaroak izan ditzaken beldur eta estereotipoei beste begirada bat eskaintzea.