Iñaki Uranga: "Xakea ondo pasatzeko era bat da niretzat"

Uztarria.eus 2016ko aza. 23a, 18:57

Iñaki Uranga Odriozola.

Gipuzkoako Bakarkako Xake Txapelketan, eskualdeko hirugarren mailakoan hirugarren sailkatu eta datorren urtetik aurrera bigarren mailan aritzeko txartela irabazi zuen azpeitiarrak joan den asteburuan. "Urte asko neramatzan horren atzetik, segi eta segi. Sekula ez nuen lortzen, eta oraingo honetan bai", dio Azpeitiko Xake Taldeko kideak.

16 urte zituenetik ari da federatuta xakean jokatzen Iñaki Uranga Odriozola (Azpeitia, 1978). Urte horietan guztietan saiatu da xakearen koska oinarrizkoena den hirugarren mailatik bigarrenerako jauzia ematen. Eta aurten, hasieran txapelketan parte hartzeko asmorik ere ez zuenean, iritsi zaio saria. Horretaz, eta herriko xake taldeaz ere bai, hitz egin du Uztarriarekin.

Noiz hasi zinen xakean jokatzen?

Txikitatik jokatu izan dut. Etxean ikasi nuen, uste dut anaiak irakatsi zidala. 16 urterekin, lagun batek esan zidan Azkoitian bazela klub bat; ondo hitz egin zidan haietaz eta han hasi nintzen, federatuta jokatzen eta lehiaketetan parte hartzen, Azpeitian taldea sortu zen arte.

Zer suposatzen du zuretzat hirugarren mailatik bigarrenera igotzeak?

Pertsonalki poza eman didan zerbait da. Urte asko neramatzan horren atzetik, segi eta segi. Sekula ez nuen lortzen, eta oraingo honetan bai.

Espero al zenuen aurten lortzea?

Ez! Gainera, hasieran ez nuen txapelketan parte hartzeko asmorik ere. Azken orduan batek baja eman zuen, taldea osatzeko norbait behar zuten, parte-hartzaile kopurua bakoitia ez izateko, eta horregatik sartu nintzen. Txapelketa aurrera zihoan heinean aukera ikusi nuen, eta dena ematera joan nintzen.

Zenbat denbora eskaintzen diozu xakeari?

Astean zehar, umeei erakusten bizpahiru ordu ematen ditut; astelehenetan eta ostegunetan egoten naiz haiekin. Etxean, berriz, orain debora gehixeago, erakusle ikastaroak egiten ari naizelako. Bestela, Internetez jokatzen dut.

Ordenagailuak eta Internet aukera onak al dira xakean trebatzeko, maila hobetzeko?

Bai. Orain indiar batekin ari zara, hurrena amerikar batekin eta gero, agian, zarauztar batekin. Beti laguntzen dizu maila hobetzen eta horretarako onena aurkari desberdinekin neurtzea da. Beti aurkari berarekin neurtuz gero, hari nola irabazi ikasten duzu, baina ez hainbeste xakean jokatzen.

Xakea zer da zuretzat, denborapasa soila ala, federatuta zaudenez, zerbait gehiago ere bai?

Niretzat, azkenean, ondo pasatzeko era bat da. Hortik aurrera, bestelako onurak badauzka, are hobeto. Baina niretzat, nagusiki, ondo pasatzeko da xakea.

Bigarren mailan aritzeak aldaketarik ekarriko al dizu?

Ba ez dakit, egia esan, neure buruari ez diot oraindik planteatu. Dakidana da, maila aldaketarekin jende hobearekin lehiatzea tokatuko zaidala. Beraz, zerbait egitea nahi badut, partidak-eta gehiago prestatu beharko ditut. Denbora gehiago eskatuko dit.

Azpeitiko Xake Taldearen kide zara. Zer osasun du herriko taldeak?

Nik espero nuena baino hobea. Ia hiru urte dira Udalak xake zaleak taldea osatzera bultzatu zituela, beste inon ez bezala, eta hori nabarmendu beharrekoa dela uste dut. Beste herrietara joan eta gure kasua esplikatzen diegunean, "hori suertea!", esaten digute; eta, egia esan, zortea daukagu. 2011n, Kilometroak jaiaren inguruko egitarauan antolatu zen I. Azpeitia Hiria xake txapelketa. Bigarren edizioa ere egin zen eta, hirugarrenera iritsi ginenean, Udala bera izan zen taldea sortzera animatu gintuena. Eta esan beharra dago, Azkoitiko taldeko Asier Plazaola izan zela aurreneko hazia jarri zuena, 2011ko hura antolatuz.

Zenbat kide zarete taldean?

Gaur egun, helduetan -18 urtetik gorakoak- hamar bat lagun gabiltza. Eta 6 eta 16 urte artekoak, berriz, ia hogei lagun dira; xakea oihartzun handirik gabeko kirola dela kontuan hartuta, hor ere zortea daukagula esan dezakegu. Anekdota bezala, Errenterian gazteentzako txapelketa batera joan ziren gure gazteak, eta hemendik joan zirenen artean Lagun Onakeko talde bereko bi atezain zeuden; egun berean tokatzen zitzaion jokatzea futbol taldeari, eta atezainik gabe gelditu ziren.

Emakumerik bai, helduetan?

Ez, bat ere ez, eta orokortuta dagoen arazoa da. Gipuzkoa mailan, emakumeentzako txapelketak antolatzen direnean, hamabost lagun baino gutxiago aurkezten dira. Normalean denok batera jokatzen dugu, gizon zein emakume, eta txapelketa batzuetan emakumeentzat sari bereziak ematen dituzte. Eztabaida badago, hori horrela eginda emakumeen parte-hartzea bultzatzea nahi dute batzuk; eta beste batzuk, berriz, neurri sexista dela esaten dute. Txapelketa denak izaten dira mistoak, baina normalean oso emakume gutxik hartzen dute parte.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide