Joxe Mari Iriondo: "Trikiti klasikoaren eta egungo eskolen arteko zubia egin du Lajak"

Urola Kostako Hitza 2016ko aza. 24a, 17:39

Joxe Mari Iriondo. (Onintza Lete)

Iñaki Garmendia Laja trikitilariaren inguruko Laja, trikitixaren zubia liburua idatzi du Iriondok. Igandean aurkeztuko dute lan biografikoa, 12:00etan, Azkoitiko udaletxean.

Iñaki Garmendia Laja (Azkoitia, 1944) trikitilariaren bizitza biltzen duen Laja, trikitixaren zubia liburu-diskoa argitaratu du Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak. Joxe Mari Iriondo (Azpeitia, 1938) arduratu da lana idazteaz, eta "ohore handia" izan dela adierazi du.

Nolatan animatu zara liburua idaztera?

Laja aspaldi ezagutu nuen, eta bere inguruko material asko nuen esku artean. Euskal Herriko Trikitixa Elkartekoek esan zidaten Laja erretiratzera zihoala, eta zerbait egin zahi ziotela. Orduan galdetu zidaten ea egingo al nuen liburua. Lajari komentatu omen zioten liburu bat egitekoak zirela, eta hark esan omen zuen: "Gustatuko litzaidake Joxe Mari Iriondok egitea". Niretzako ohore handia da hori. Lehen hitzetik baietza eman nien, eta gustuz, gainera.

Liburu-diskoa da argitaratu duzuena. Bi atal ditu?

Alde batetik, disko bat osatu dute, Lajaren grabazioekin; oso disko polita da. Eta, bestetik, bere biografia jasotzen duen liburua, umetatik hasita. Aipatzen dut zer duen Azkoitiak hainbeste artista emateko. Gaur egun ere asko daude: Epelde aita-semeak, Egurrola, Zabaleta... Aurretik, Begiristain aita-semeak izan ziren... Eta, gaur egun, badakit gazte asko ari direla akademietan trikitia ikasten: Imuntzorekin, Zabalerenean, Lajarekin... Gero, Lajaren jatorriaz idatzi dut: bere jatorria zein den, bere aitona bertsolaria zela, aita erdi bertsolaria eta soinu-jotzailea izan zela... Gero, Elgetarekin hasi zen ikasten, eta hor badago oso pasarte polit bat. Sakabi behin Komuntzoko erromerian zegoen, eta esan zion Elgetari: "Hobe diagu laster erretiratuta, Laja hau oso ona zetorrek-eta!". Sakabik kuttuna zuen Laja, eta Laja bera ere Sakabiren maitea sentitzen zen.

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Urola Kostako Hitza-ren webgunean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide