Lapatx itxiko da, baina barkatuko diguzue, sentitzen dugu

Herritarra 2016ko aza. 24a, 17:56

Haur eta gazte, ondorengo belaunaldiok, auzotarrok; barkatu, sentitzen dugu.

28 urte luzez aritu gara Errezil errekaren ibilbide liluragarri eta aberats hori, Lapatx baserriaren ingurua, mota guztietako zaborrarekin betez kutsatzen. Zoragarria zen... Ur gardenez beteriko bainera haietan urperatzea udako egun eguzkitsuetan, zuhaizpean arrainen artean freskatzea errekaren ibilgu hartan. Ez gara gai izan gure zaborrak sailkatzeko eta hark zuen balioaz ohartzeko, denetik bota dugu bertara, galdu da.

Papera, beira, plastikoa, konpostagarri ziren hondakinak, olioak, pilak, pneumatikoak, era guztietako bonbilak, altzariak, etxetresna elektrikoak, txatarra, eskoria, hondakin toxikoak, arriskutsuak... denetik. Errekaren ibilgunea zaborrez erabat bete artean.

Kiratsa dario eta horrela jarraituko du hamarkadaz hamarkada, airea eta iragazten diren urak kutsatuz, gizaldiz gizaldi. Eta guztia aurrerapenaren izenean, diruagatik. Izan zen inguru horren txikizioaren aurka altxatu zenik, makinak sartu ziren egunean bertan ere, baina armaz makinak defendatu zituenik ere bai.

Izan zen zaborraren kudeaketa jasangarriaz kontzientzia zabaldu nahi izan zuenik, 3R (gutxitu, berrerabili, birziklatu) eredua zabaldu nahi izan zuenik, hasieratik, baina alkate naiz alderdi politiko orok isildu nahi izan zuten kanpaina hura ere.

Sentitzen dugu, haur, gazte eta ondorengo belaunaldiok, barkatuko diguzue. Baina hau ez da hemen bukatzen, norabidea aldatu dezakezue eta dezakegu.

Zaborrik gabeko hiria eraiki ahal da, zabortegirik eta errauste plantarik behar ez duena, inguruneak txikitu, kutsatu eta gizakiontzat jasanezin bilakatzeari utzi diezaiokegu. Hondakinak sailkatuaz, gutxituaz eta berrerabiliaz, gure esku dago hori ere.

Barkatu, gure egoera politikoari hainbeste jaramon egin diogulako, lurrarekin eta ingurumenarekin ahaztuz. Zuen, etorkizuneko hiritarron hitz, boz eta iritzirik kontuan hartzen ez duen demokrazian sinetsi dugulako, sentitzen dut. Horrela eraiki nahi izan dugu gure hiria, zuen parteā€hartzerik gabe, eta honaino iritsi gara. Barkatu, sentitzen dut, triste nago.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide