Azaroaren 25a Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna da. Hori dela eta, Azpeitiko Udalak bere gaitzespen irmoa erakutsi nahi du indarkeria sexistako adierazpen mota guzti-guztien aurrean, horiek guztiak emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunen emaitza baitira.
Emakumeenganako indarkeria, zoritxarrez, gure gizarteko errealitateetako bat da. Ez dira kasu isolatuak. Testuinguru horretan, ezinbestekoa da begirada zabaltzea, emakumeenganako indarkeriari buruzko ikuspuntu orokorra izatea, eta indarkeriaren jatorria gure jendartean errotuta dauden botere harremanetan jartzea.
Horrenbestez, ezinbestekoa da ulertzea ezin daitekeela emakumeenganako indarkeriaren kontra borroka egin, gizonezkoen eta emakumezkoen ereduak sakon eraldatu gabe, ezta gizon eta emakumezkoen harreman afektibo eta sexualak eraikitzeko modua eraldatu gabe ere.
Prozesu horri ekiteko, beharrezkoa da erreferente positiboak edukitzea. Helburua, ez da gazteriak egungo eredu kaltegarriak antzematea bakarrik, baita maitasuna eta sexualitatea modu askeagoan eta berdintsuagoan bizitzen ikastea ere.
Horretarako, Azpeitiko Udalak proiektu eta bitarteko ezberdinak jarri ditu martxan: hezkidetza programa, hezkidetza foroa, arreta eta jarduera protokoloa, jaietako kanpaina, e.a. Ez da nahikoa ordea, datuek erakusten digute jendartean oso errotuta dagoen arazo baten aurrean gaudela, eta guztion ardura eta jarrera aktiboa behar direla urratsak ematen joateko.
Azpeitiko Udalak ardura hori bere egin, eta beste jauzi bat eman nahi du indarkeriarekin amaitzeko. Aurtengoan Beldur Barik programa lantzeko konpromisoa hartzen dugu. Jendarte berdinagoa eraikitzen laguntzen duten eguneroko jarrera txiki horiek landu nahi ditugu Gazteria eta Hezkuntza komunitatearekin. Neskekin, euren autonomia eta jabekuntza sendotzen dituzten jarrerak landu nahi ditugu, izan ere, horiek mugak gainditzen eta estereotipo sexistak apurtzen lagunduko diete. Mutilekin, berriz, matxismoa deslegitimizatzeko jarrerak landu nahi ditugu, baita maskulinotasun hegemonikoaren eredutik aldetzekoak ere.
Mugimendu feministak urteak daramatza genero harremanen ondorio diren jazarpen egoerak salatzen, eta horiek gerta ez daitezen sentsibilizazio ekintzak egiten. Horri esker, egun, erakunde publikoek indarkeriari aurre hartzeko baliabide ugari jarri ditugu martxan. Azpeitiko Udalak egindako lana aitortu nahi die.
Horren guztiaren aurrean Azpeitiko Udalak konprmisoa hauek hartu nahi ditu:
- Bere eskumenen esparruan, berdintasunaren alde eta emakumeenganako indarkeriaren aurka udal politika aktibo, integral eta koordinatua garatzeko.
- Hezkuntza Sailaren koordinatuta hezkidetza programa indartzen jarraitzeko.
- Gazteria Saila eta Hezkuntza Sailarekin elkarlanean, Beldur Barik programa martxan jartzeko.
Herritarrak Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna (azaroaren 25a) dela eta egingo diren ekintzetan parte hartzera gonbidatzen ditu, eta oro har, urte osoan, indarkeria horren aurka modu publikoan agertzera.