Hiru zati izan zituen atzoko solasaldiak: lehenengoan, bertsoaren oinarriak, ezinbesteko osagaiak eta hau nondik datorkien azaldu zuten bi bertsolariek. Ondoren, beraien bakarkako lan bana entzun eta saioaren nondik norakoak azaldu zituzten. Eta amaitzeko, bat-batean jardun ziren Inaxiok jarritako gaien bueltan. Ez zen ohiko saio izan, ordea. Izan ere, doinurik gabe aritu ziren bertsotan lehenengo, eta errimarik gabe ondoren. Azken saioan, berriz, zer kantatuko luketen azaldu zuten bertsolariek, doinu, errima eta neurrik gabe.
Zer ikusi, ikasi eta entzun izan zuten atzo Dinamora hurbildu ziren hamarnaka lagunek, eta umorerako tarterik ere ez zen falta izan.
Eta gaurkoan, Inharrak
Gaur, abenduak 1, osteguna, Inharrak proiektua ezagutu ahal izango dugu Dinamoan, 20:30etik aurrera. Proiektu honen sormen prozesuaz arituko dira Egoitz Arruti, Eider Bereziartua eta Iraia Bereziartua. Udalak eta Kultur Mahaiaren sorkuntza bekek lagundutako proiektuetako bat da Inharrak, ikus-entzunezko motzez osatua, hitza, irudia eta musika osagai dituena.