Herrero, irentzaile

Erabiltzailearen aurpegia Miel A. Elustondo 2016ko abe. 1a, 17:30

Jainkoaren bideak asmaezinak direla esaten dut nik, askotan, gauzak zer dela-eta etortzen zaizkidan burura ez dakidanean. eta zergatik etortzen dira akordura oroitzapen, pertsona, gertatu jakin batzuk, eta ez beste batzuk? badakit internetera joz gero, galdera itxura antzean formulatu, eta baldar eginda ere, erantzuna jasoko dudala. dena interneten dagoela esaten dute, baina gezurra da.

nahiz eta nire galdera horren erantzuna niri sareak eman, dena ez dago interneten. ez dago. eta nire galdera horren erantzuna emango balit ere, bost inporta. neurozientziaren batek giltza askatuta ere, sentipen horixe nik, ez dudala nire buruaren pentsamenduaren norantza zuzentzeko ahalik. hor dabil hori beti libre, gogo ilunak ematen diona gogo axalera ekarriz. eta, hortaz, zer dela-eta etorri zait herrero gogora? lagun onakeko haundien entrenatzailea izan zen aspaldi, oso aspaldi, oso txikiak gu, batere eskatu beharrik gabe garmendipera libre sartzen uzten gintuzten, behintzat. prakamotxetan ibiliko ginen garaian, seguruenera. ez genuen futbola entenditzen. gure auzoak ikusten genituen han, edo jakiten genuen lagun onaken jokatzen zutela, eta gauza haundi xamarra zen. herrikoak herriko ekipoan, lagun onak haundian eta lagun onak txikian. baliteke kamixeta txuri-berdeak ibiltzea orduan, ez dakit, nire begiek lokatza besterik ez zuten ikusi egun hartan. eta ez dakit ez ote ziren bi egun izan. batean, partidua bukatu eta haserre herrero. oso haserre. hain haserre, bero-bero bere onetik irtenda. bukatuta zegoen partidua. gu, mutikoxkorrak, kalera aldeko atearen atzean, jokalariak aldagelara hartu behar zuten bidean. bukatu da partidua eta badatoz jokalari denak. han da arbitroa ere, eta herrero, haserre. hartu du baloia eta arbitroari bota dio, eta hau eta hura ere esan dio. lotsagabetik gora, inondik ere. ez dakit besterik izan zen, pentsatzen dut izango zela, baina iskanbila ez zela askoz gehiago izan uste dut. eta, orduan, zergatik etortzen zaidan behin eta berriz eta askotan burura irudi hura ez dakit. horregatik esaten dut jainkoaren bideak asmaezinak direla, esplikaziorik ez daukadalako. herrero, beti estimatu dudana, gogo onez agurtu izan dudana beti, oraintxe agurtuko nukeena. pasadizo hartaz akordatzen ote den galdetuko nioke... pentsatzen jarrita, oraingo eskola-kirolean –futbola, saskibaloia, gimnasia erritmikoa–, gurasoek, umeek, entrenatzaileek ibiltzen duten jarrerak eraman nau hortik. ez dakizuet. baina, orduan, zergatik ekartzen dit nire barruko buruak nire kanpoko burura irentzaileren irudi hura, joseinaziorena, herreroren garai hartan bertan, partidu hartan bertan edo beste batean, baina sasoitsuan, penalti-txanda batean, lokatzetan orduan ere, eta jokalariek penaltiak bota eta bota irentzaileri, haiek alde batera eta joseinazio kontrako aldera airean salto beti. beti miretsi ditudan bi, herrero eta irentzaile.

 

(Azaroko Uztarria aldizkarian argitaratutako artikulua)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide