Nire urteurrena

Erabiltzailearen aurpegia LinetteMontalvo 2016ko abe. 6a, 12:10

Santo Tomas eguna nire urteurrena da. Dagoeneko bi urte. Gogoan dut zeinen urduri nengoen aurreneko egun hartan. Gustuko izango naute? Ulertuko dut esaten dutena? Ulertuko naute beraiek? Baina hobe hasiera kontatzen badizuet. 

Dena gonbidapen batekin hasi zen. Ordurako urte eta erdi neraman Azpeitian bizitzen, eta egun batean Mon-tse lagunak esan zidan neska batek ezagutu egin nahi ninduela; egun hartan bertan egin genuen topo elkarrekin, eta nire bizitza goitik behera aldatu zen handik aurrera Azpeitian. Olatz eta Mikelek euren koadrilarekin geratzeko gonbita luzatu zidaten, eta elkarri telefono zenbakia eman genion. Zintzoa izanda, ez nuen espero deituko zidatenik, baina hurrengo egunean bertan deitu zidaten. Larunbat hartan santotomasak ziren, eta egun hartan hasi nuen eskuzabal hartu ninduen herriko kuadrilla eder batekin maitasun-harremana. Dagoeneko nire herria ere baden Azpeitiko jendeak duen kalitatea ezagutzeko aukera eman zidan. Esku-zabal hartze horrek erakusten du posible dela integrazioa, nahiz eta horretarako erosotasuna alde batera utzi beharra izan askotan, nahiz eta besteen aurrean askotan ahulago sentitua; baina horrela eta ez bestela lor daiteke elkarbizitza.

Badakit kanpotik iristen diren guztiek ez dutela nahikoa ahalegin egiten integratzeko eta hizkuntza ikasteko, baina benetan integratu nahi dutenei laguntzeko zenbateraino gaude prest? Askotan harritu egiten naiz kuadrillakoak nire euskara ulertzen zenbat ahalegintzen diren ikusita. (Une honetan eurek entzuten ez gaituztela aprobetxatuz: uste dut banaizela nor eurentzat, eta edozertarako prest daudela ni euskalduntzearren).

Prozesu honetan guztian barre egin dugu, negar, parrandak, aholkuak... Nire familia da hemen, eta hain nago eskertua... Horrenbestez, nire aurreneko artikulua baliatu nahi dut euren bizitzak goratzeko. Aupa munduko koadrila ederrena!

(2016ko azaroko Uztarria aldizkarian argitaratutako artikulua)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide