Olentzero vs Jaiotza?

Jexux Arrizabalaga 2016ko abe. 12a, 17:38

60. hamarkada. Aspaldiko kontuak kontatuko ditut. Buruz ari naiz kontatzen, beraz esaten ditudan gauzak ez dira izango zehatz-zehatzak, nahiz eta funtsean aipatzen ditudan moduan gertatu zirela uste izan.

Gogoratzen naiz, bizi izan genuen garai hartan, aldaketa ari zela ematen bizitzako zenbait arlotan; esate baterako, euskararen eta euskal kulturaren berpizkundea. Julen Lekuonaren kantuak: Ez, ez dut nahi, Agur, agur, agur ilargira noa. Arestiren poesiak Oskorri taldeak kantatuak: Gaur forjariak, Guretzat berdin dira, Aita semeak... Imanol Larzabalenak: Biok bakardadean... Lourdes Iriondo eta Xabier Leterenak: Mendian larrartean, Gizon arruntaren koplak... eta abar. Giro horretan bizi ginen. Aldaketa giro batean.

Azpeitian gazteak biltzen ziren erakunde batzuk funtzionatzen zuten. Gaur egun, desagertuak daudenak, baina frankismo garai hartan esanguratsuak zirenak. Gehienak edo denak elizaren menpe zeudenak, bestelakorik ez baitzen, legalak esan nahi dut. Erakunde horiek ziren OARGUI (Organizacion Atletico Recreativa de Guipuzcoa), JOC (Juventud Obrera Catolica). Baserri Gaztedi, geroago Herri Gaztedi. Horiek ziren ezagunenak, alde batera utzi gabe Bengoa jesuitaren inguruan biltzen zirenak. OARGIren ardura zen, besteak beste, Jaiotza gabonetan, kabalgata Errege egunaren bezperan eta danborrada San Sebastian bezperan antolatzea.

Orain, hemen, Gabon eguneko Jaiotzaren inguruan gertatutakoa kontatuko dut, eta hurrengorako utziko ditut besteak. Esan bezala, Jaiotza prestatu behar genuen. Hura prestatzeko gurdi bat hartzen zen eta han jartzen ziren neska bat eta mutil bat behean zuten panpin bati begira eta, kantatu behar zuen jendeak inguratuta, kalez kale gabonetako kantuak kantatzen ziren; hain zuzen, gaur ere kantatzen direnak. Bada, ez dakit ziur, baina 60. hamarkada horretako urte bat zela badakit, OARGIn erabaki genuen Olentzero ateratzea Jaiotzaren ordez. Ez genekien zer motatako Olentzero prestatu eta, azkenean, jada Durango inguruan erabiltzen zuten eredua aukeratu genuen. Horretarako, mando baten bila joan ginen Etxebeltxera, han mantso samar bat baitzuten, eta dotoretu genuen; jarri genizkion alboetako anekak edo alforjak, eta kapoiak, arrautzak, ardo garrafoia eta abar ipini genituen. Olentzerorena egin zuena Juan Luis Azpiazu Muster izan zen; izan ere, hura gizon bizartsua zen, garaia, eta oso ondo bete zuen bere lana.

Beste kontu bat izan zen koroarena, alegia, ohi bezala kantura etortzen zirenena, ohiko asko ez baitziren azaldu. Hala ere, baginen gazte mordoska bat kantatzeko prestatu ginenak; gainera, kantu berriak ere ikasiak genituen eta, ohiko kantuez gain, Julen Lekuonarenak eta abar ere kantatu genituen. Ondo atera zen dena eta lehenengo aldiz Azpeitiko kaleetan Olentzerorekin ospatu ziren gabonak.

Ondorengo urteetan ohiko bihurtu zen. Honi ez al zaio esaten eraldaketa soziala?

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide