Espainiako Gerra Zibilaren urteetan errepresioa nagusi izan zen Euskal Herrian, heriotza zigorretik hasi eta funtzionarioen zein lanpostu publikoetako langileen kaleratzeetara arte. Horrez gain, gaztelania ez beste hizkuntza guztiak zapalduak eta baztertuak izan ziren; tartean euskara. Hala, hainbat espaziotan hizkuntza horren erabilera debekatu zuten, eta leku horietako bat izan zen Urolako trena.
1926an inaguratu zuten burdinbidea, eta orduan treneko txartelak elebidunak ziren. Tiketak bi hizkuntzetan izatearen erabakia Urolako trenaren administrazio kontseiluak hartu zuen, burdinbidearen eremua lurraldean euskara gehien hitz egiten zen lekua zela iritzita. Horrez gain, inguruetako hainbat biztanlek gaztelania erabiltzen ez zekitela azpimarratzen zuen Urolako administrazio kontseiluak. Hala, burdinbidea inauguratu zutenetik Gerra Zibilera arte, bi hizkuntzetako txartelak erabili zituzten Urolako trenean, normaltasun osoz.
Gerra hasi zenean, txartel guztiak gaztelaniaz inprimatzera behartu zituzten burdinbidearen arduradunak. Gazteleaniazko txartelen aurreneko tirada 1936ko abenduaren 6an egin zuten, ordea. Ordura arte, euskaraz zein gaztelaniaz idatzitako txartelak erabili zituzten Urolako burdinbidean, ez baitzen nahikoa baliabide txartel berriak ateratzeko. Erabaki horrek ondorioak izan zituen.
Gaztelaniaz ezean, zuzendariaren kaleratzea
1938an jakin zuen Burdinbideen Zerbitzu Militarreko Buruzagitzak Gerra Zibila hasi osteko aurreneko hilabeteetan euskazko zein gaztelaniazko tren txartelak erabili zituztela Urolako trenean. Hori jakinda, bat-batekoa izan zen erreakzioa, eta burdinbideko zuzendariaren, Ramon Pagola Goyaren, berehalako kaleratzea eskatu zuten, txartelak bi hizkuntzetan erabiltzen jarraitzearen arrazoia zein zen jakin artean.
Pagolak azaldu zuenez, txartel horiek erabiltzen jarraitzearen arrazoia zen ez zituztela nahikoa baliabide zeuden txartelak erretiratu eta gaztelaniazkoak soilik inprimatzeko. Trenbideko zuzendariaren azalpenak onartu zituen Burdinbideen Zerbitzu Militarreko Buruzagitzak, eta hala, bere lanpostura itzuli zen Ramon Pagola.
Urolako trenean txartel elebidunak erabiltzen jarraitu zuten ondorengo urteetan, aurrez zentsuratuak izan ostean. Izan ere, tiketei euskarazko testuaren gainean beste paper zati bat jartzen zieten, euskaldunen hizkuntzako idatzia estaltzeko. Hala ere, ez ziren halako txartel asko erabili, eta modu horretako milaka tiket aurkitu zituzten burdinbidearen Azpeitiko biltegietan. Gaur egun, ikusgai dira txartel horiek Burdinbidearen Euskal Museoan.