Opari ez sexistak sustatzeko kanpaina abiatu du Udalak

Uztarria.eus 2016ko abe. 19a, 11:54

Estitxu Elduaien eta Leire Goenaga zinegotziak. (Azpeitiko Udala)

Jostailuak aukeratzeko irizpideak eta gomendioak jasotzen dituzten eskuorriak banatzen ari da Udala etxez etxe.

Gabonak gerturatzen ari diren honetan opari ez sexistak sustatzeko kanpaina jarri du abian Azpeitiko Udalak. Nesken eta mutilen arteko berdintasuna bultzatzeko hainbat egitasmo egin ditu Udalak azken urteotan, eta horietako beste bat da martxan jarri duten kanpaina. Dagoeneko hasi dira etxez etxe banatzen jostailuak aukeratzeko irizpideak eta gomendioak jasotzen dituzten eskuorriak. 

Estitxu Elduaien zinegotziak azaldu duenez, "ikusi besterik ez dago postontzietara iristen zaizkigun katalogoak nolakoak diren; kolore arrosa alde batean eta kolore urdina bestean. Neskentzat panpinak, sukalde txokoa edota makilatzeko tresnak; eta mutilentzat kotxeak, baloiak eta eraikitzeko jolasak". Hala, opariek "bi koloretako mundua irudikatzen dutela esan du Elduaienek. Horrez gain, haurrek, askotan, "publizitatearen eta inguruaren eraginez", sexuaren araberako opariak eskatzen dituztela esan du Estitxu Elduaienek.

Leire Goenaga Hezkuntza zinegotziak adierazi duenez, jostailuak "paper garrantzitsua" dute haurraren garapenean. "Haurrari jolasak bere burua eta ingurua ezagutzeko aukera eman dio. Jolasa da haurraren ekintza garrantzitsuena; gogo, denbora eta ilusio gehien eskaintzen diona", azaldu du Goenagak.

Horrez gain, haurraren garapena bideratzeko eta jolasaren kalitatea bermatzeko jostailuen hautaketa "oinarrizkoa" dela  esan du Hezkuntza zinegotziak, eta "jolasean, jostailua tresna hutsa" baino ez dela, eta "garrantzitsuena jolas egitea" dela azpimarratu du.

Honakoak dira Azpeitiko Udalak eman dituen gomendioak:

  • Jostailuak bakarka zein beste umeekin aritzeko balio behar du: bakarkako jolasak bere fantasia pertsonalak adierazteko balio dio, eta besteekin aritzen denean, komunikaziorako tresna izango da.

  • Jostailuak haurraren adinera eta beharretara egokitu behar du.

  • Jostailuak opari izan behar du eta ez inposaketa: haurraren gustuetatik eta lehentasunetatik abiatu beharko dugu, eta, ahal dugun neurrian, jostailua aukeratzerako garaian haurra parte-hartzaile bihurtu.

  • Jostailuak balio dezake haurren berezko ezaugarriak sendotzeko eta osagarriak izan daitezkeen joerak lantzeko.

  • Jostailuak segurua izan behar du: CE markak, jostailu horrek beharrezko segurtasun arauak betetzen dituela adierazten du.

  • Rolak eta indarkeria: sexu bereizketarik eta indarkeriaren aldeko jarrerarik erakusten ez duten jolasak dira egokienak.

Bestalde, herrian baliabide desberdinak eskaintzen direla gogoratu du Udalak. Azpeitian bi ludoteka eta Gaztelekua daudela esan du Leire Goenagak, "jostailuen bidez haurrak hezten diren tokiak". Horrela, herritarrek informazioa behar edo zalantzarik izanez gero, haietara bertaratu besterik ez dutela adierazi du Udalak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide