'Enekoitz' izenaz

Erabiltzailearen aurpegia Enekoitz Esnaola 2016ko eka. 9a, 14:00

Azken asteetan hedabide batzuetan aipatu izan dute frankismo garaian ezinezkoa zela euskal izenak ofizialki erregistratzea. Nire kasuan, behintzat, ez da hala, gure gurasoek auzi judizial baten ondoren lortu zutelako 'Enekoitz' jartzea. Uztarria Azpeitiko herri aldizkariak honako erreportajea egin du (egilea: Julene Frantzesena).

NORTASUN KONTUA

Mikel, Jaione, Xabier, Edurne, Iñaki... Egun ohikoak dira euskal izen horiek eta ohituta gaude albokoari, senideari edo lagunari horrela deitzen. Ez da beti hala izan, ordea. Ez da beti erraza izan seme-alabei euskal izenak jartzea, 1939an frankismoak euskal izenak erregistroan gaztelerara itzultzeko agindua eman zuelako. Gainera, 1958ko Espainiako Erregistro Zibileko legediko edo araudiko 192. artikuluak zioen, “izen erregionalak edo atzerritarrak” onartuko zirela, baldin eta erdal itzulpenik ez bazuten. Beste baldintza batzuk ere bazituen lege hark: izenak ezin zuen nahasmenik sortu, ortografia “exotikorik” ezin zuen eduki eta jatorri historikoa izan behar zuen, besteak beste. Aurreko izen horiek guztiek, jakina, erdal itzulpena zutenez, erdal grafian erregistratu behar izan zituzten 1970. urtea bitartean. Hedabide batzuetan azaldu berri da frankismo garaian erregistroan ezinezkoa zela euskal izenak jartzea. Izan zen salbuespenik, ordea. Izan ere, Azpeitian bada kasu bat, behintzat: Esnaola-Karrera sendiarena, hain zuzen.

1970eko irailaren 28an jaio zen Mari Trini Karreraren eta Jose Antonio Esnaolaren lehen semea. Jaio eta izena jarri behar, baina ez zuten buruhauste handirik izan izena aukeratzerakoan: ‘Enekoitz’ deituko zen semea. Mari Trini Karrerak “argi” zutela dio: “Euskarazko izenen zerrenda genuen etxean, eta izen huraxe gustatu zitzaigun. Ez du itzulpenik, euskal izena da... Baina ordura arte, Francoren garaian, izen elkartuak edo erdarazkoak jarri behar izaten zitzaizkien seme-alabei, eta ez genuen halakorik nahi semearentzat”.

Kasua ezagututa, eta urriaren 2an ‘Enekoitz’ izenaz oharra kaleratu zuen Euskaltzaindiak. Ohar haren arabera, mutilentzako izen zuzena zen hura eta ez zuen erdal itzulpenik. Hala, oharra kaleratu eta hurrengo egunean, Azpeitiko Erregistro Zibilera joan zen Jose Antonio Esnaola, izenaren sarrera onar zezaten eskatzera. Izan ere, erregistroan ordura arte ez zegoen ‘Enekoitz’ izenaren inguruko aurrekaririk edo erregistrorik. Handik egun batzuetara, Azpeitiko erregistroko arduradun Blas Zuluetak bertan behera utzi zuen izen-ematea, eta ondoren atzera bota zuen izenaren onarpen eskaera. Mari Trini Karrerak dioenez, erregistroan-eta hasieran “dena oztopoa” izan zen. “Gizona eta biok burugogor ginen izen huraxe jarriko nahi geniolako semeari. Geure artean esaten genuen, ‘semea hainbeste denbora izenik gabe, erregistratu gabe’, baina beno. Kalean jendeak ere esaten zigun ‘oraindik ez al diozue izenik jarri semeari?’. Jendeak nik baino kezka handiagoa zuen, sei hilabetean izen ofizialik gabe eduki genuelako semea. Harritu egiten ziren. Gure aita ere urduri jartzen zen, eta hala esaten zidan: ‘Semea izenik gabe kalean gora eta behera, nola liteke?’. Eta guk esaten genion izena bazuela, eta iritsiko zela ofizialki jartzeko ordua, lasai egoteko”, gogoratzen du Karrerak.

1970eko azaroan familiak apelazio helegitea sartu zuen Azpeitian zegoen eskualdeko 1. Instrukzio Epaitegian, baina ‘Enekoitz’ izenak baldintzak betetzen zituela frogatu behar zuten: mutil izena dela garbi ikusi behar zela, erdal itzulpenik ez zuela, euskal jatorriko izena dela, euskal pertsonaje historiko edo nahikoa kultur errelebantzia duena (Patxi Zabaletak 2010ean Zuzeu-n: “Nafarroako lehen errege bezala ezagutzen dena, Enekoitz, arabiar historiagileek baskoien buruzagi bezala deskribatzen dute. Frankoek, aldiz, dux vasconum deitzen diote”). Euskaltzaindiari eta Salamancako (Espainia) Unibertsitateko Euskara Katedrako arduradunei izenaz txosten zientifikoa egiteko eskatu zien familiak. Auziko dokumentazioan ikusten denez, Espainiako Fiskaltza Ministerioa tartean zebilen, eskualdeko fiskalaren bitartez.

Tira-bira horretan, paperekin hara eta hona zebiltzala, erabaki zuten semea bataiatzea, Mari Trini Karrerak dioenez: “Bataiatzea erabaki genuen, baina semea artean izen erregistraturik gabe zegoen. Nire senarrak hala esaten zuen: ‘Problemak jartzen badizkigute semea ‘Enekoitz’ izenez bataiatzeko, Aratzerrekan bataiatuko dugu. Bataioan ez dute esango, ez Jose Enekoitz edota ez Enekoitz Mari’. On Lucio Jauregi zen orduko erretorea, eta ez zigun inolako arazorik jarri. Semea Enekoitz izenez bataiatu genuen, parrokian”.

Azkenean, bai

Batera eta bestera ibili ostean, 1971ko otsailaren 9an jaso zuten eskualdeko 1. Instrukzio Epaitegiaren autoa, Jose Maria Cabanas epaileak sinatutakoa. Epaiak zioen, onartzen zutela euskal (“erregio”) izen hori eta ez duela erdal izenik ordezko gisa. Gainera, autoan Euskaltzaindiaren eta Salamancako Unibertsitatearen Euskal Katedraren (tartean zen Koldo Mitxelena euskaltzaina) txosten zientifikoko argudioak zeuden jasota autoan: “Ez du zentzurik izen batzuk itzultzeak, ‘Eneko’-ren deribatua da ‘Enekoitz’, XVII. mendeko frogak daude mutil izena dela ikusteko, txostenaren egileek ez dakite zer esan nahi duen ‘Enekoitz’-ek eta, beraz, ezinezkoa da erdarara itzultzea; Euskaltzaindiaren euskal izendegian ageri da; izen propioa da; euskal pertsonaje historikoek erabilia Erdi Arotik XVIII. mendera arte”. Gainera, autoak zioen ‘Enekoitz’ izenarekin araudi aldetik salbuespena egin zitekeela, baldintzak betetzen zirelako. Ondorioz, ontzat eman zuen epaileak Euskaltzaindiak-eta egindako txostena.

Ekarri zuen soka

‘Enekoitz’ izena jartzea lortu izanak izan zuen oihartzuna. Horren adibide da Leo Etxeberria zenak, Anatsan ezizenez sinatuta, izenaz artikulu txiki bat argitaratu izana egunkari batean. Azpeitian eta herritik kanpora ere ekarri zuen soka, Mari Trini Karrerak dioenez: “Jende ugari etorri zen gure etxera galdezka. Hainbat herritatik deitzen ziguten, eta makina bat fotokopia bidali genuen bazterretara. Atea irekita zegoen nahi zuenak semeari soilik ‘Enekoitz’ izena jartzeko. Borroka asko eginda, lortu genuen”. Harrezkero, bada Enekoitzik Azpeitian.

'Uztarria' herri aldizkaria, 2015eko ekaina

enekoitz1 enekoitz2 Enekoitz1 Irungo argazki zahar bat (ikus Xaun-ek albiste honetan egindako erantzuna):

Irun-Enekoitz

Enekoitz Berri etxea gaur egun, Irunen, Aduana kalean (eta mapan kokatua hemen)

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide