Gutxiengo arraro hori

Erabiltzailearen aurpegia Anartz Izagirre 2016ko abe. 29a, 11:33

Inguruan galdezka hasita, zezena izango litzateke agian gure herriaz galdetuta jendeari burura etorriko zitzaion lehen hitza. Euskara litzateke beste ezaugarri nabarmenetako bat, akaso. Hamaika ñabardura deigarri ditu gure herriak, baina bada kontu bat gainontzeko guztiaren gainetik erruz aipatzen digutena, inkomunikatuta bizi garela, hain zuzen ere. 

Ziur ez naizela azpeitiar bakarra izango entzun behar izan duena zein isolaturik dagoen gure herria. Zulo baten bizi garela aditu behar izan dugu etengabe, Gipuzkoa sakoneko hiri nukleo banandu bat dela Azpeitia. Hona iristea ez dela erraza, inor ez dela kasualitatez ailegatuko gure kaleetan barrena ibiltzera, eta amaierarik ez duen zerrenda hau luzatzen jarrai nezake. Baliteke kontu hauetariko asko ahoberokeriak izatea, baina garraio publikoa erabiltzeko ohitura dugunok, jakin badakigu, autobusez gure herrira iristea edo bertatik ateratzea ez dela ahuntzaren gauerdiko eztula. 


Gutxiengo arraro horren parte naiz neu ere. Ez gara asko izango Euskal Herritik barrena ibiltzeko garraio publikoa hautatzen dugun azpeitiarrak. Diru-zorroan Mugi, Barik eta gainontzeko garraio-txartelak. Mugikorra goraino kargatuta. Liburu bat. Hamaiketakoa, eta kito. Gainontzean, nahikoa da gogoa, denbora eta bereziki pazientzia izatea eskura dugun garraio zerbitzua erabili nahi izanez gero. Tatxan.

Urrea balio duen denbora

Imaginatu Euskal Herriko herri edo hiri bat, kalkulatu kilometro kopurua, bertara iristeko autoz beharko genukeen denbora, eta pen-tsatu autoa erabili beharrean autobusa erabili nahiko genukeela. Ondoren, saiatu ordutegiak lotzen eta bidaia hori egiteko etxetik ateratzeko behin behineko ordu bat kalkulatzen. Konturatuko zara, inkomunikazioaren kontu hori ez dela uste duzun bezain esajeratua.

Bai, lagun. Neuk ere bi aldiz pentsatzen nuen igande gauean ikasle pisura joateko autobusa hartzerakoan. Neuri ere otu izan zait Euskal Herriko mapa eramatea, oharkabean atzean uzten ditugun herritxo txikiak zeintzuk diren jakin dezadan. Burura datozkigu udaro hutsik egiten ez dugun inguruko jaietara joateko egindako eginahalak, eta "han ere izan naiz" diogu herri horiek autobuseko kristalaren atzetik behatzen ditugunean. Neuk ere makina bat liburu irakurri ditut autobusetan, nire buruarekin beharrezko hainbat bakarrizketa izan. Guztia, horretarako denbora izan dudalako. Inkomunikatuta bizi garelako.

Gu gara gutxiengo arraro hori. Autobusean pasatako denbora gustatzen zaigu. Apur bat bananduta gaude, eta bidaiatzeko denbora behar dugu. Ordutegiak buruz ikasi behar izaten ditugu sarri, eta maleta eskuan korrika egin bigarren autobusa galdu ez dezagun. Agian masokista hutsa irudituko natzaizu, baina batzuetan bederen gustatzen zait gure herria apur bat isolaturik egotea. Denbora horri zentzu bat ematen ikasi dudalako izango da edo egunerokotasunean nire buruarentzat hartzeko gai ez naizen tarte bat ematen didalako. Kontuak kontu, eskerrak autobusei. Atera kontuak.

(2016ko abenduko Uztarria aldizkarian argitaratutako artikulua)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide