Gizabanako garaikidea, beraz, urte osoan "itsasoari begira" bizi baldin badaiteke (eskuarki itsasoarekiko harreman platoniko-ikusmirantean edo, bestela, harreman neoprenodunean), irudituko zaio behar den lekuan dagoela edo bizi dela, eta orobat gertatzen zaio abenida, granbia edo jipxtergune batetik gertu bizi denari. (Aitamen hutsean geldi bitez gaurkoan hiriburu edo kapitalak kapitalismoarekin duen lotura, edo itsasertzaren idealizazioak turismoaren industriarekin daukana.)
Eta gu bizi garen ustezko ezleku edo herrietan zer? Zer gertatzen da Urola-ezKostan eta beste nonahi? Ba jende askok sinistu egin duela "zuloan" bizi dela, "isolaturik" bizi dela eta "gaizki komunikatuta" bizi dela. Bidenabar esanda, oraindik bada uste duenik horrexegatik ari dela atzeratzen gure herri hauetan euskararen desagerpena beste leku gehienetan baino gehiago: "zuloan" omen gaudelako! Eta ez: zuloan eta ezlekuan bizi gara erabaki zutenetik eta sinistu, duela mende erditsua edo, zuloak direla goien aitatutako idealetik kanpora daudenak; ordutik, beraz, eta ez lehenagotik, eta are gutxiago betidanik.
Eta, bestalde, zer da "gaizki komunikatuta" egotea? Zerekin gaude gaizki komunikatuta? Ba kapital gehiena eta izen gizen gehienak mugitzen diren guneetatik. Esan bedi hori argi, zeren ezin litekeena baita toki bat absolutuki gaizki komunikatuta egotea. (Oharra izen gizenari buruz: hirietako "anonimotasuna" famatzen duten horiek beroriek dira hirian beren izena gizentzera emanak bizi direnak.)
Artikulu osoa irakurtzeko, joan Urola Kostako Hitza-ren webgunera.