Paperak, dossierrak, txostenak...

Erabiltzailearen aurpegia Ramon Etxezarreta 2017ko urt. 11a, 17:02

Gizonezko gipuzkoar batek zorra zeukan Foru Ogasunarekin eta Xabier Letek utzitako idatzi, paper, kartel, gutun eta abar zeuzkan. Letek utzitako altxor horrekin zorra ordaintzea onartu zion Foru Aldundiak. Ehun eta piku mila eurotako balioa aitortu altxorrari eta enpazak egin zituzten, ez hartzekorik eta ez ematekorik. Leteren materialak gipuzkoarron jabetzan eta mundu guztiaren esku geratu ziren.

Lau haizetara iragarri ziren "dohaintza" hori eta Aldundiaren poza gipuzkoarron kultur ondarea modu horretan hazi eta babestu egiten zelako. Ikusi nahiko zuketenentzat berariaz horretarako izendatutako batzorde bati baimena eskatzea iragarri zen. Nonbait ezkutuan egon beharreko kontuak badaude paper horietan. Ezin dut ulertu. Edo gordean eta ezkutuan daude ala agerian, nornahiren eskuragarri, baina batzuei uzteko eta besteei ez uzteko aukera egotea okerra iruditzen zait. Eta hala jokatzekotan irizpideak aurrez ez jakitera ematea okerrago. Zer arrazoigatik ukatu behar zaio herritar bati guztion ondarean sartu eta arakatzea? Zer arraiogatik izan behar dute batzuek guztiok izan ez dezakegun baimena. Zintzotasuna, euren zintzotasuna, morala, euren morala, eta apaizkondokeria balizkoek urduri jartzen naute. Ikuskizun.

Azpeitian oroimenari eman dizkio Aranzadi Zientzia Elkarteak buelta pare bat edo gehiago udalak agindu eta kontratatuta. 36ko gerratearen inguruko bi dokumentu eman dira argitara eta, dirudienez, komunikabideek kontatu digutenez 1960tik 2014ra arte giza eskubideen urraketek eragindako sufrimenduaren Azpeitiko mapa ere burutu omen da. Badirudi herritar guztiona behar duen lan hori giltzapean jaso duela udalak datuen babesa eta konfidentzialtasun kontzeptu bitxi bategatik. Eman zaigun zeharkako informazioa sinestea besterik ez daukagu edo lan hori ezagutzeko inork erreklamatu ez duen araudi edo prozedura erreklamatzea. Ez dut ulertzen.

2001eko datuak

Azpeitiko udalak, soziolinguistika klusterraren bidez, Azpeitiako (sic) hizkuntza-erabileraren eta hitanoaren presentziaren kale neurketa burutu du. Hori dela eta datu deigarri eta bitxi dezente argitara eman zaizkigu hedabideetan. Badirudi zenbait talderen esku ere jarri dela txostena. Saiatu naiz ikerketa jendearen agerian non eta nola egon daitekeen bilatzen, nola eskuratu miatzen. Udalaren weborrian sartu eta Euskararen egoera Azpeitian izeneko atal bat aurkitu dut, zeinak dio: Azpeitiko Mapa Soziolinguistikoa tresna garrantzitsua izango da Azpeitian hizkuntza politikari buruz hartu beharreko neurriak erabakitzeko. Duela hamabost urteko datuak eskaintzen dira bertan, 2001ekoak, alegia.

Beharko genuke izan, ba, ordaintzen ditugun eta jakin beharreko ditugun lanen berri errazago! Ez?

 

(2016ko abenduko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzia)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide