Ez naiz mahaipeko mezuak erabiltzen dituena, zertarako? Garbi hitz eginez gero, buru-argi usteko motza ez denak ulertu ahal badu.
Euskara batua ezagutu aurretik nintzen euskalduna, gure gurasoak eta aiton-amonak bezalaxe.
Guk euskara batua gurtu behar dugula irizten dioten jainko-usteko literatoei esan nahi diet duela urte batzuk arte, auzoko beren "euskerie" aldarrikatzen zuten gazte (umeez eta zaharrez gain) harroengatik ez balitz, euskara baturik ez litzatekeela izango, eta, besteak beste, euskarari eta euskaldunoi esker irabazten dituzten urrezko dominak lortzeko, atxurrari eta palari heldu beharko lieketela. Harroa izateko erarik negargarriena da esker txarrekoa izatea.
Dorian Grayn erretratue egiteko erabakia lagun batek hori bera egiteko eskatu zidalako hartu nuen. Sekula ez dut mesede perfekturik egin, baina beti saiatzen naiz eskatzen didanari ahalik eta ongien laguntzen. Liburu hau ere ez da perfektua, akats mordoa izango du, baina bisturirik gabe irakurtzen duenak gure herrietako egungo hizkera nahikoa ongi islatzen duela ikusiko du.
Nik egindako lana ez dago euskara batuan idatziko litzatekeen eran idatzita, nire idazkerak gure hizkerarekin bat etorri behar lukeela iritzi bainion. Horrexegatik, analfabetotzat jo nau bakardadez eginiko bere idazmahai herrenaren bueltan orbitatuaz bizi den tonto-harroren batek.
Ez naiz honetatik bizi, baina "euskerie" bizi dut eta "euskeraz" bizi naiz, beti egin dudan bezalaxe. Liburua argitara ateratzeko kostu ekonomikoak lagunak eta biok hartu ditugu geure gain, eta salgai dagoen lekuetan egitea kostatu den prezioan dago. Hala ere, guk ez daukagu irabazi ekonomikorik honekin, liburuak, salgai dauden lekuetan, dohaitzan utzi baititugu.
Hor duzue euskara batua, inork eskatu ez arren, beti besteon irakasle izatearekin nahikoa ez, eta "sarijasotzaile" zuzen askoak ere bazaretenok.
Barkatu, mesedez, akatsak, eta interesa azaldu duenari, nire eskerrik beroenak.