Azpeitiko Udalak lau desfibriladore gehiago jarri ditu herriko hainbat txokotan. Udalak azaldu duenez, "urtarrilean indarrean jarri den lege berriaren eskakizunak ikusirik, eta bihotz arazoen aurrean azkar eta egoki erantzuteko helburuarekin, desfibriladoreen inguruko plana egin du Udalak", eta horren baitan jarri dituzte desfibriladore gehiago; zazpi, hain zuzen.
Estitxu Elduaien Kirol zinegotziak azaldu duenez, bihotzeko ezbeharren aurrean azkartasuna "ezinbestekoa" da: "Kirol asko egiten da gurean, eta desfibriladore horiek jartzea herritarren segurtasunean eta osasunean inbertitzea dela uste dugu, eta horregatik jarri ditugu legediak zehaztu baino leku gehiagotan".
Azpeitian jarri dituzten zazpi desfibriladoreak "jende multzo handiak biltzen diren lekuetan" ipini dituzte: Igerilekuan, kiroldegian, Garmendipeko futbol zelaian, Izarraitz pilotalekuan eta Soreasu antzokian. Horiez gain, Udaltzaingoaren bi kotxe elektrikoetan ere gailu jarri dute. Legez, aforoagatik, Soreasun beharrezkoa ez den arren jartzea erabaki du Udalak. Zezen plazan, aldiz, desfibriladorea jarri beharra dagoela esan du Udalak, baina hangoa "gutxi" erabiltzen denez, udaltzaingoaren autoko desfibriladore bat mugituko dute zezen plazara han egitasmoren bat dagoen bakoitzean. Lagun Onak Futbol Elkarteak ere bat egin du Udalaren planarekin, eta orain arte zuten gailua aldatuko dute.
Azpeitian jarritako desfibriladore hainbat ezaugarri berezi dituztela azaldu du Udalak: "Alde batetik, desfibriladorea piztu bezain pronto, geolokalizazio bidez anbulantziek koordenada zehatzak jasoko dituzte ezbeharraren lekua identifikatzeko. Eta, beste aldetik, teleasistentzia zerbitzua du, hau da, gailuak berak adierazten dio erabiltzaileari pausoz pauso egin beharrekoa". Bi ezaugarri horiek "asistentzia azkar eta eraginkorra" ahalbidetzen dutela azpimarratu du Udalak.
Sorospen formazioa
Desfibriladoreak jartzeaz gain, horiek nola erabiltzen diren jakiteko formazio saioak eskainiko dituzte. Hala, 27 lagunek jasoko dituzte argibideak. Pertsona horiek kirol eragile, langile edo udaltzaingoko kideak dira, eta Udalak aurreratu duenez, sorospen formazio hori pertsona gehiagori ematen joango dira urtez urte.