80 urte igaro dira Urolako burdinbideko langileak "askatasunaren eta balio demokratikoen alde egiteagatik" jazarriak izan zirenetik. 1936an, Gipuzkoako Aldundiko 1.051 langilek —horietatik 123 burdinbideko langileak— frankismoaren garbiketa prozesua jasan zuten, altxatuak herrialdean sartu ondoren.
Gerraren lehen asteetan normal jarraitu zuten zerbitzuarekin. Baina irailean, altxatuak Irunen eta Donostian sartu zirenean, haiengandik ihesi, ebakuazio agindua eman zuten, eta Urolako treneko 79 langilek bete zuten, beraiekin hainbat lokomotor eta bagoi Bizkaira eramanez. Sabotaje batzuk ere egin zituzten bidean, erabilera oztopatzeko. Altxatuek, eskualdera iritsi zirenean, idatzi bat kaleratu zuten, 48 orduan lanpostuan aurkezten ez zen langile oro kaleratua izango zela zioena; Bizkaira ihes egin zutenak automatikoki lanik gabe geratu ziren. Ondoren, garbiketa prozesuan kaleratze horiek berretsi eta beste bost gehitu zitzaizkien; hau da, guztira 84 lagun geratu ziren lanik gabe. Besteek aldi baterako zigorrak jaso zituzten.
Gipuzkoako Foru Aldundiak, estatu kolpearen 80. urteurrena gogoraraziz, aitortza egin zien burdinbideko langile errepresaliatuei abenduan, Tabakaleran (Donostia). Hika antzerki taldeak Trenak ekarri, gerrak eraman ikuskizuna eskaini zuen, trena ardatz hartuta. Markel Olano ahaldun nagusiarekin batera, herri ugaritako alkateak elkartu ziren: Eneko Goia (Donostia), Jose Antonio Santano (Irun), Oier Korta (Zumaia), Ane Beitia (Elgoibar) eta Iraitz Lazkano (Elgeta).
Alkateez gain, foru aldundiko Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zuzendari Maribel Bakero ere omenaldian izan zen, eta ikuskizun hunkigarria izan zela azpimarratu du: "Burdinbideko langileen sufrimendua islatuko zuen ekitaldi bat helarazi nahi genuen; zerbait sentikorra egin nahi genuen, eta lortu dugu". Aldundiko ordezkariak azaldu duenez, omenaldira jazarriak izan zirenen senide ugari joan ziren, eta beren esker ona jaso zuten.
Jarraitu irakurtzen Gipuzkoako Hitza-ren webgunean.