Azpeitiko Udalak eta Baigerak ikerketa bat abiatu dute gaur, urtarrilak 27, 80 urtetik gorako herritarren bizi baldintzak nolakoak diren ezagutzeko. Martxora arte luzatuko dute ikerketa, eta azterketarekin lortu nahi dutena da, adin horretako pertsonak nola eta zein egoeretan bizi diren ezagutzea, ahalik eta bizi baldintza duinenak eskaintzeko.
Estitxu Elduaien zinegotziak azaldu duenez, 552 herritarren etxeetara joango dira horien bizi baldintzak nolakoak diren ezagutzera: "Azterketa bat egin ostean konturatu gara 80 urtetik gora dituzten 925 herritarretik 552 pertsona direla Udaleko Gizarte Zerbitzuen inguruko informaziorik jaso ez dutenak edo informazioa jaso badute ere, prestaziorik jaso ez dutenak".
Naroa Otaegi eta Aitor Beloki Udaleko gizarte zerbitzuetako langileak arduratuko dira etxez etxe herritar horiengana joateaz eta pertsona horien beharrak ezagutzeaz. Horretarako, galdetegi bat prestatu dute, eta hori izango da azterketaren oinarria. Galdetegiari erantzun beharko dioten 552 herritar horiek azterketaren jakinaren gainean egongo dira aurrez. Izan ere, telefonoz deitu edo gutun bat bidaliko zaie ikerketaren berri ematen eta gizarte langileen bisita hitzordua zahazten.
Gaur abiatu den ikerketa, herritarrek ahalik eta bizi baldintza duinenak izateko Udalak eta Baigerak elkarlanean hasitako bidean eman duten bigarrengo pausoa da; izan ere, iazko ekainean beharrean dauden adineko herritarrei jaso ditzaketen diru-laguntzen berri emateko kanpaina abiatu zuten Udalak eta Baigerak.
Ikerketaren datuak herritar guztientzat "onak" izango direla esan du Joxe Mari Iturria Baigerako kideak, eta adineko herritarren bizi baldintzak hobetzeko "diagnostiko txukun bat edukitzea" garrantzitsua dela. Horrez gain, ikerketa aurrera eramateko "kolaborazioa" eskatu die Baigerako kide direnei zein ez direnei. "Gizarte laguntzak jaso ditzaketen herritarrak laguntza horiek jaso gabe ez gelditzea da helburua", azpimarratu du iturriak.
65 urtetik gorakoen diagnosia aurrerago
Datozen hilabeteetan 80 urtetik gorako herritarren bizi baldintzen diagnosia egingo dute, baina aurrerago 65 urtetik gorako pertsonen egoeraren azterketa egin nahi dutela esan du Estitxu Elduaienek. Azterketa guztiak batera egiteak "zailtasunak" dituela esan du Elduaienek, baina Udalaren eta Baigeraren helburua adineko herritar guztien egoera ezagutzea dela adierazi du.