Arratsalde batean poteo orduan neure buruari esan nion, "ondo da Linette, aterako zara eta ez zara etxera itzuliko norbaitekin hitz egin arte". Plazako taberna batean eseri nintzen eta ordubete baino gehiagoz itxaron nuen, eta halako batean han agertu zen emakume berritsu eta alai hura. Bakarrik zegoen bera ere, eta hitz egiten hasi zitzaidan. Alde egitera zihoanean esan zidan, "ez zatoz?". Hau poza, hitz egin ez ezik, berarekin joatera ere gonbidatu ninduen. Hor jaio zen nire bizitza asko aberastu duen adiskidetasuna.
Montse emakume heldua da, eta bere adineko azpeitiar asko bezala, urteek emandako jakinduriaz eta historiaz beteta dago. Sarri gertatzen da, ordea, ez dela inor haiek kontatzeko dutena entzuteko. Herrialde honen historiako etapa asko euren azalean bizi izan dituzten belaunaldiak dira, eta historiako liburuek ematen dituzten datuetatik harago, pertsona horiek sentitu zutena azaltzen dizute; baita pozak ere. Nik Montserengandik eta haren belaunaldiko beste batzuengandik ikasi dut gaur egun nire begiek ikusten duten Azpeitiaz, baina baita lehengo Azpeitiaz ere. Gure inguruan dabiltza historiako liburu horiek, zabal-zabalik, nork irakurriko, nork entzungo zain; bi aldeek, eurek eta guk, asko dugu irabazteko. Gu ere izango gara noizbait liburu orain ernatzen ari diren belaunaldi horientzat, eta zer ilusio egingo digun haiek gu irakurri nahi izateak!
(2017ko urtarrileko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzia)