"Gizartea zahartzen ari da. Bi arrazoirengatik gertatzen da hori batez ere, bata, teknologia eta medikuntza aurrerapenen ondorioz pertsonen bizi itxaropena luzatzen ari da nabarmen eta, bestea, azken urte sail bateko jaiotze tasak sekula baino txikiagoak dira.
Gainera 1.960-1980 epe-aldiko jaiotza kopuru handiaren eta industrializazioak ekarri zuen etorkinen etorreraren ondorioz, gaur egun adinean aurrera doan jende ugari dagoela erakusten digu eta gizartean adinekoen batez besteko handi baten aurrean aurkitzen gara, datozen urteetan areagotzen joatea espero dena.Orduko biztanleriaren hazkundearen tamainakoa izango da datorkigun gizartearen zahartzea.
Bizi itxaropena luzatzea lorpen handia da, berez, baina ezintasunak eta menpekotasunak ere ugalduz doaz urteen poderioz eta honek askotariko egoerak dakartza berarekin, baliabide eskasia eta gero eta zaintza zerbitzuen premia handiagoa besteak beste. Honek, noski, alderdi politikoei eta administrazioari zer pentsatua eman behar lieke aurrerantzean sektore honetan aplikatu behar diren politiken inguruan.
Azpeitia ez da errealitate horretatik at geratzen. Azpeitiko gizartea Europako zahartuenetakoa izango da hurrengo urteetan. Adibide modura, duela hamar urte, 2.006an Azpeitian 572 ziren 80 urtetik gorakoak. Hamar urte geroago, 2.016ko abenduaren bukaeran, 925 ziren. Hau da 2006an 80 urtetik gorakoak biztanleria osoaren (13.930) %4,11 baziren, 2.016an (14.666) %6,30 ziren. Beraz, hamar urtean % 2,21egin du gora 80 urtetik gorakoen kopuruak. Errealitate horrek datozen urteetan gure herrian izan dezakeen bilakaerak kezka sortu digu Baigera Azpeitiko jubilatuen elkarteko kideoi.
Hori dela eta, 15 urteko (5 urtean zein 10ean) prospekzio bat egiteko premia azaldu diogu Udalari, non agertuko den Azpeitiko erradiografia demografikoa eta 65 urtetik gorako adinekoen bilakaera. Era horretan errealitate horrek herrian sortuko dituen beharren aurreikuspena egin ahal izateko: diru laguntzak, eguneko zentroa, egoitzetako plazak, etxez etxeko zaintzako langileen kopuruak, babespeko etxebizitzak, osasun zerbitzuak, etab. Gure ustez, horrela ezagutuko genuke datozen urteetako herriko adinekoen errealitatearen eta beharren mapa zehatza. Hori, gure iritziz, oso garrantzitsua da 2.025 urteko Plan Estrategikoa garatzen ari garen honetan.
Bestalde, jubilatuen elkartearen helburuetako bat da, Azpeitiko adineko guztien bizi baldintza duina bermatzea, alegia, inor ez dadila bizi oinarrizko beharrak asetzeko bermerik gabe. Asmo horrekin bultzatu ditugu ondorengo ekimenak:
- 2014an SIIS etxearen bidez herriko txirotasunari buruzko azterketa egin zuen Azpeitiko Udalak eta bertatik ondorioztatu genuen, adinekoek dituzten prestazio ekonomikoen inguruko informazio falta zegoela. Alegia badela prestazioak jasotzea tokatu eta ezjakintasunagatik edo udalera joateak ematen duen lotsagatik, laguntzarik jasotzen ez duenik.
- 2016an Jubilatu, pentsionista eta adinekoei zuzenduriko diru laguntzen informazioa txostena banatu genuen jubilatu guztien etxeetan, udalarekin elkarlanean.
- 2017an beste ekimen bat planteatu diogu Udalari, eta bi teknikari kontratatu dituzte: Aitor Beloki eta Naroa Otaegi. 80 urtetik gorako 483 etxeetara joango dira inkesta bat egitera, euren bizi baldintzen berri jasotzera eta behar izanez gero tokatzen zaien laguntzen berri eman eta bideratzen laguntzera. Joaten ez diren etxeetako herritarrak, modu zuzenean hala zeharkakoan, prestazio ekonomikoen onuradun direlako da.
Aurrerago 65 urtetik gorako guztien ikerketa bat egiteko asmoa ere badago. Baigeraren partetik, adin horietan daudenen eta horien familiakoen laguntza eskatzen dugu, inkesta hori behar bezala bete ahal izateko, laguntasun hori ezinbestekoa baita denon onerako izango den ekimen hau ongi egiteko".