Inauteriak munduan zehar erroturiko festa paganorik zaharrenetarikoak dira, eta jatorria bilatzeko 5.000 urte atzera joan beharko genuke, antzinako Sumeriara. Gaur egungo inauteen kontzeptua, aldiz, erromatarren garaitik dator, Bacoren omenez ospatzen ziren jaietatik, alegia.
Iluntasunaren garaiaren bukaera datorrela aldarrikatzen da, lurra esnatu eta beste ziklo oparoagoa hastera doalarik.
Kristautasunak berera ekarri arren, inoiz ez du guztiz lortu bere izaera askatzaile eta katartikoa itzaltzea, injustizia handiko garaietan botereari aurka egiteko tresna bihurtzea baizik.
Gaur egun nire jairik gustukoena den arren, heldutan azaleratu da nire inauterietako sena, Azpeitira etortzen hasi nintzenean, hain zuzen.
Zaragoza bezalako hiri handietako inauteek jai inportatuaren kutsua daukate, euren presentzia ez baita nabaritzen hiriko bizitzan. Kalez jantzitakoak gehiengoa dira, eta zenbait tabernetako giroa eta udalak antolaturiko desfilea alde batera utziz gero, egun normal bat dela pentsa daiteke.
Hori dela eta, urteetan zehar inauteriak festa arrotza izan ziren niretzat, hainbat zoro lotsagabeentzat baino ez zela pentsatuz.
Baina nire aurreiritzi guztiak albo batera gelditu ziren Azpeitiko inauteriak bizitzen hasi nintzenean. Umorea eta jatortasuna oinarri harturik, azpeitiarrek grinez ospatzen dituzte inauteriak, herriko ezkontza erraldoia den Elegante Egunetik astearteko gaupaseroak etxeratu arte.
Festa giroan murgildu eta, urteen poderioz, lehengo gutxiespena zaletasun bilakatu da nigan. Hustu ditzagun ganbarak! Dantzan jar ditzagun jostorratzak! Hementxe direla inauteriak!
(2017ko otsaileko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzia)