Ama hizkuntza

Erabiltzailearen aurpegia Txetxu Urbieta 2017ko mar. 3a, 16:55

Zapatariaren biloba naiz. Epertzelaita zapataria zen nire aitona. Horregatik, askotan entzun dugu gure etxean Errezilgo zapatariaren kondaira. Ari zela, ari zela, zapatak egiten ahaztu zitzaion zapatari akerraren istorioa. Azken boladan, sarritan burura datorkidan kontua da. Eta beti euskarari lotuta. Ez dakit ikasteko beste hizkuntzak baino zailagoa ala errazagoa den gure hizkuntza zaharra; dakidana da, neketsua eta astuna dela norbere ama hizkuntzaren erabilera egokiaz etengabe zalantzaz josia egotea.

Jakinekoa da gure gaitasuna mugatua dela eta, zenbat eta euskara zuzenagoa erabili nahi izan, zailtasun gehiago ditugula. Baina iruditzen zait hori ez dela kontua. Agian, nire autoestimu arazoa izango da, baina uste dut norbait euskaraz ari den guztietan, whatssapeko auto-zuzentzailea bezala, badagoela norbait zure jarduneko akatsak zenbatzen ari dena.

Lehen, xapoon euskara traketsa zela entzuten nuenean (Goierrikoena eta Tolosaldekoena, haiena bai goxoa), haserretu egiten nintzen. Orain, gazteen euskara maila kaxkarra dela entzuteak amorratu egiten nau. Hobetu litekeena hobetzen saia gaitezen, baina era baikorrean, beti arantzak azpiamarratu beharrean tarteka lore lirainari lehentasuna emanez. Garaian garaikoa. Edo, orain 200 urteko gure idazleen lanek EGA gaindutuko ote lukete?

Euskalduna izateak ez nau harrotzen, euskara maitatu eta euskaraz amets egiteak, bete egiten nau. Erabili maite dugun euskara konplexurik gabe, eta azpeitiarron eran bada hobe. Ladutxek kantatuko lukeen bezala, "zer litzateke Euskal Herria azpeitiarron jardunik gabe".

 

(2017ko otsaileko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide