"Atzoko egunez duela 25 urte sinatu zuten bakea El Salvadorren...". Hori letu eta egunkariak dakarren orrialde osoa letu du, eta seguru nago izekoren liburua letuta eduki ez balu, ez zuela letuko. Duela 25 urte sinatu zuten bakea El Salvadorren, hamabi urteko gerraren ostean, baina oraindik ere indarkeriazko egituraren biktima da, 'mara' ustelkeria eta pobreziaren menpe". Eta lerroetan barrena joan dira irrist ilobaren begi borobil gerraundiak, eta laster egin du txoke izekoren liburuan letutako izenarekin: El Mozote. Ilobak letu duenez Egiaren Batzordeak 1993an argitaratu zuen txostena, 13.500 kasu baino gehiago bildu zituen txostenean, baina horietatik bi besterik ez dira epaitegietara ailegatu: El Mozotekoa, eta El Calabozokoa. El Mozoteren izena buruan josita geratu zitzaion ilobari izekoren liburua letu zuenean. Liburua hartu du berriz, bila. Markatuta du orrialdea, El Mozotek markatuta bere barrua ilobak. Eta hilabete lehenago letutakoa letu du berriz: "1981eko abenduaren 11, 12 eta 13an, Atlacatl batailoiak mila emakume, gizon eta haur hil zituen El Mozote herrian eta inguruko kantoietan. Abenduaren 11ko ilunabarrean, herritarrak plazan bildu zituzten, eta, ondoren, elizan, komentuetan eta etxeetan banatu, generoaren eta adinaren arabera. Hurrengo goizean, lehendabizi gizonak atera zituzten plazara, ilaran jarri eta banaka torturatu eta galdekatu ondoren, haien oihuak herri osoan entzuten zirela hil zituzten. Ondoren, emakumeak atera zituzten plazara. Bortxaketa, tortura eta imajina ez daitezkeen gehiegikerien ondoren, exekutatu zituzten. Rufina Amaia izeneko emakume batek ihes egitea lortu zuen, ilaran jarri zituztenean zuhaixken artean gorde eta korrika alde eginez. Ondoren, haurren txanda izan zen; euren gurasoen oihu eta negar guztiak entzun ondoren, plaza erdian matxeteekin jota hil zituzten, balak garestiegiak baitziren haiekin alferrik gastatzeko. Guztira, 1.000 lagunetik gora hil zituzten, herri oso bat; gazteenak hiru egun baino ez zituen. 1982an, publiko egin ziren Rufina Amaiak Washington Post-eko kazetari bati emandako sarraskiaren testigantzak, baina, 1980tik aurrera, El Salvadorko Gobernua zuzendu zuten presidenteek Fortin Magañak, Napoleon Duartek eta Alfredo Cristianik, behin eta berriz ukatu zuten El Mozoten egindakoa. 1992an, Argentinako indusketa talde batek hildakoak hobietatik atera zituenean, Rufina Amaiak kontatutakoa berretsi zuten. Senarra eta lau seme-alaba galdu zituen Rufina Amaiak, eta 2007an hil zen barkamen eskaerarik eta justiziarik ezagutu gabe".
Ilobak behin ere ez du ahaztuko izekoren liburuan letu duena.
(2017ko otsaileko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua)