Badator, orain dela ia-ia berrogei urte etorri zen bezala, edo ez bezala, orduan ez genekien-eta zer zetorren, ez genekien ezer, hitza ezagutzen genuen, korrika eta presaka jaio ginela esaten ziguten etxean, lastrekan ibiltzen ginen, maratoi txiki, erdi eta osoen garaia zen, eta han ibiltzen ginen lastrekari itxuran azkueneko paretik loiolaraino eta azkoitiko txerloiraino, lastreka, eskolarik eman behar ez genuen egunetan, edo gauetan beharko nuke esan, egunez ikastolan eskolak eman eta gero euskarazko zenbait eskola emanez pasatzen genuen-eta denbora, gau-eskoletan, betharramdarretan, eta gazte ginen eta ez zitzaigun kostatzen, hau hori eta hura egiteko sasoia geneukan, eta egiten genuen, eta ez ginen haserre, eta gure esku zegoena egiten genuen, baina orduan, egun batean, institutuan irakasle zen igarate etorri zitzaigun notiziarekin, nik igarate daukat akorduan behintzat, kanpaina bat, gau-eskolekin batera zetorrena, aek erakundearena, dirua biltzeko kanpaina, korrika zuen izena, eta fermin muguruzaren kantuan bezala ibili ginen, zoratzeko moduan, pegatak ipintzen eta dirua biltzen, gutxi gorabehera, bateko eta besteko dendara sartu, sobrea utzi, euskararen aldeko kanpaina, dirua, sobrea jasoko genuela, kanpoko kristaleran korrika txartela jarri, uzten zigutenean, nahi zutenean, eta zenbat ezin entenditu, eta zenbat azalpen, eta hura eskola ematea baino zailagoa zen, guk geuk ere ez genuen-eta kanpaina hura entenditzen, ondoko jaian azpeititik pasatuko zela karrera bat, baina ez zela ziklisten karrera bezalakoa, baten batzuk etorriko zirela, makila bat eskuan, eta herrian zeinek eman, zeinek kilometroa erosi ere antolatu behar genuela, eta zer zen zoramen hura, eta hórrela, halako batean, etorri zen delako jai hori, eta goizean goizago, ez plazan ez erdi kalean ez inon inor ez zebilen garaian etorri zen karrera hori korrika, eta batak besteari non ez dakidala ere eman zioten makila hura eta erdi kalean behera joan zen, harako ongi etorri mr marshall bat izan balitz bezala, inork agurtu gabe, eta atzetik karabanarik ere ez zuela, morroi zoro bat bizikleta gainean zin-tzarri handi bat hartuta, tolon-tolon-tolon, jendea leihora bada ere arrimatzen ote zen, burrundara hura zer ote zen, dena zeharo alferrik, jendea lo, eta lau oilo lastreka, korrika lasaon badiolegiraino, haraino nik ikusi nuena, gero zestoarrak, eta ikusitako erretratuetan, azpeitian baino harrera beroagoa egin zioten han korrikari, giroa kalean, gure herrian ez bezala, azpeitian ez zen-eta eguerdi arte girorik izan, eta erraibots arkupetan txartelak jar-tzen, korrika haren materiala salgai, 'hi, eta nola esaten dek llaberue euskaraz?', 'jarrizak giltzatakoa', eta holaxe, eta dirua bildu eta donostiara dirua, eta herrian esku hutsik gu.
2017ko martxoko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzia da hau.