Dena antzezpen hutsa zen, hori ere esan beharra dago. Seguru asko, barru-barrutik inor baino eskasagoak eta gajo-gixaixoagoak ginen sail horretakoak, eta hargatik edukiko genuen guaitasun hori hainbesteraino itxuratu beharra. Baina… zeinegatik ari naiz?, zer "gu”-ri buruz ari naiz? Ea ba: esan dezagun politiko-folklorikoki: gu ginen bailara honetako sasi-anarko edo post-autonomoak; nolabait esateko, 70etako mugimendu autonomoaren oinordeko-edo sentitzen ginenak. (Ez naiz ari Pasaiako badian bukatu ziren komandoez, baizik-eta horren azpian eta lehenagotik zegoen mugimendutxoaz.) Oso ondo, baina esan beharra dago Erdi Kaleko gaztetxe zaharra itxi zenetik, guaikeria antzu batean etzatea besterik ez genuela egin funtsean: ezer ez egin (edo hutsaren hurrena), errez jardun eta denen gainetik sentitu: horixe izan zen gure praktika politiko zoragarria. Hori, eta geroago, Matadeiko rarismo kulturalean partaide izan, eta han ere elite aukeratu bat ginela sentitu.
Gauza den bezala esateko, gainetik sentitze hori ez zen superguaiontzat oso gauza zaila ere; aurrean, edo parean, edo hor nonbait… “ezker abertzalea” izeneko zera hori geneukan: eta-militarra, herribatasuna eta jarraitxuak; hau da: agintaritza militar batek zuzendutako (eta okertutako) artaldea, nun bat izan zitekeen edo abangoardia edo ardia. Eta bai: haien izaera obeditzaile itsuak izugarri errextu zigun gainetik sentitzea. Hainbeste maite zuten obedientzia militarra, nun intsumisioaren kontra egoteraino iritsi baitziren, adibidetxo bat jartzeagatik: hortik atera kontuak!
Jarraitu iritzi artikulua irakurtzen Urola Kostako Hitzaren atarian.