Bakartaldean

Erabiltzailearen aurpegia LierniVarela 2017ko mai. 15a, 12:28

Azkenean heldu da asteburua; errutinatik irten eta lagunekin egoteko unea. Astea gogorra izan da, mila zeregin eta astirik ez, kezka ugari eta hau ezinegona! Barrua hustu beharra dut, lagunekin hitz egin eta haien iritzi eta gomendioak jaso. Irrikaz nago jendea ikusteko, kalera irten eta elkarren berri emateko.

Hala ere, arratsaldea oso bestelakoa ari da izaten, kafea irabiatzen ari naiz, katiluari so; eta lagunek, behatzarekin irrist eta irrist, pantailatik ez dute begirik altxatzen. Urduri nago, eta lehen mugikorretik adierazi diedanean banuela premia korapilo hau askatzeko, beraiek ere elkar ikusteko eta deskonektatzeko gogoa zutela iruditu zait. Orain, aldiz, nor bere munduan dago, mugikorrari itsatsita, orainaldi fisikotik at. Bata arduratuta, igo duen azken argazkiak uste baino arrakasta gutxiago izan duelako, eta hor dabil milaka argazki erne aztertzen. Bestea larritu egin da whatsappeko elkarrizketa baten momenturik interesgarrienean bateria agortzear duelako eta orain haria moztu ezin duelako. Beste biak youtuberrak ikusten eta kiroleko auskalo zer kontutan dabiltza. Eta ni, bien bitartean, buruari, kezkei, kafeari eta parean topatutako guztiari bueltak ematen. Bostok elkarren ondoan gaude, taldean, baina ni bakarrik sentitzen naiz, haririk gabeko elkarrizketetan nabil nondik heldu ez dakidala, eta loa kentzen didan har hori nola kanporatu ezin asmatuta... Gaur egun gero eta zailagoa egiten ote zaigu kalera irten eta zuzeneko harremanak izatea? Ingurura begiratu eta mugikorrak ikusten ditut bistan, mahai gainetan nahiz esku artean, eta neure buruari galdetzen diot ea bakarra ote naizen taldean egonik ere uharte bakarti bat sentitzen dena.

Etxera itzultzeko ordua heldu da, aspaldi amaitu dut kafea, bai eta haren ondorengo pintxoa eta zuritoa ere. Ohera sartzera noa eta plin-plin, whatsappa. Kuadrillako taldea:

- Zer hunan lehen, ondo al hago?

 

(Apirileko Uztarria aldizkarian argitaratutako artikulua)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide