Ekonomia: gaur eta biharko erronkak

Erabiltzailearen aurpegia EAJren udal taldea 2017ko mai. 26a, 12:17

Badirudi aldekoa dugula haizea Azpeitiari dagozkion datu ekonomikoez ari garenean. Langabezia tasa murriztu egin da, eta gaur egunean %10 ingurukoa dugu langabezia-tasa hori. Baina ez gaitezen itxutu datu horiekin, ez baitigute hitz egiten enplegu horren kalitateaz, edota lan bila Azpeititik kanpo joan behar izan duten pertsona guztiez (1.000 lagun baino gehiago baitira Azpeititik kanpo lanean ari direnak). Ez digute esaten, halaber, krisia baino lehen Azpeitiak Gipuzkoako batez bestekoa baino tasa txikiagoa zuela, eta gaur egunean batez besteko hori baino altuagoa dela, edota gauza bera gertatzen dela soldatarekin, lurraldeko batez besteko soldata baino txikiagoa baita.

Horiek dira kezkatzen gaituzten gaiak, eta horregatik eskatzen dugu instituzioetako eragile guztiek norabide berean egin dezagula arraun, eta eskura ditugun tresna guztiak erabil ditzagula datu horiek hobetu ahal izateko. Ez ditzagun jarduketa puntual batzuk bakarrik egin, ekonomia sustatzeko diru-laguntzak edota etxebizitzak alokatzeko laguntzak bakarrik ekartzen dizkigutenak gogora. Epe luzeagoko helburuak izango dituzten planteamenduak behar ditugu.

Alde horretatik, irizten diogu industriarako lurraren gaia funtsezkoa eta ezinbestekoa dela. Ezin dugu pasatzen utzi Zumarragara eramaten gaituen errepidea hobetzeak ekarriko digun aukera handia. Bide horrekin, kokaleku berriak nahi dituzten enpresentzat erakargarri bihurtuko gara. Baina horretarako irisgarritasuna hobetu behar dugu, autopista eta beste errepide nagusietatik Azpeitira iristeko bideak. Hobetu, zabaldu, handitu… dira burura datozkigun jarduketetatik batzuk baina geure buruari galdetzen diogu ea udaletik zerbait egin den arlo honetan. Eskariren bat egin al da? Jardueraren bat? Proposamenen bat? Gure babes guztia izango du horretara jartzen denean.

Eta babes bera jasoko du Azpeitian erabili gabe dauden lurretan beste enpresa batzuek egokitu ditzaten politika aktiboak martxan jartzen dituenean, eta horrela lortzen dugunean Azpeitiko industria-prezioak gainbehera joateari uzten dionean, iazko abenduan udalari eskatu genion bezala.

Ez dago zalantzarik Corrugados berriro irekitzearen inguruan dabiltzan zurrumurruen antzekoak positiboak direla, baina zurrumurruetatik haratago joan behar dugu, eta aukerak errealitate bihur daitezela lortu, baina pilak jarri behar dira langabezia-tasa %9ra jaitsi dadila lortzeko, eta, kontuan izanik gaur eguneko egoera, sektore pribatua kili-kolo ikusten dugun honetan, beharrezko ikusten dugu erakunde publikoak izatea gure zonalde honetako industria-motorea mugitzen lagunduko dutenak. Horretarako, funtsezkoa iruditzen zaigu erakunde arteko harremana, ez agian jarduera handiekin, baina bai poliki-poliki lan eginez, nahiz eta epe laburrera ez ikusi fruituak. Jar gaitezen lanean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide