Zutik bizi den herri bat

Erabiltzailearen aurpegia LinetteMontalvo 2017ko mai. 26a, 14:28

Atzo izan balitz bezala gogoratzen dut; jendez gainezka, festa giroa, urduritasuna eta emozioa. Emakume bat gerturatu zitzaidan, lekukoa eskuetan, eta hurrena gogoan dudana da zeinen harro sentitzen nintzen; bihotza borborka nuen, lekukoa nire eskuetan zegoen; bi urte lehenago Azpeitira bizitzera etorri eta euskara ikasten ari zen boricua baten eskuetan.

Minutu batzuk izan ziren, beharbada segundo batzuk besterik ez, baina sekula ez dut ahaztuko. Instant bat nahikoa izan zen Korrikaren historiaren parte izateko; hori da hori ohorea helburu handi baten alde korrika egitea, hainbeste eman didan hizkuntza baten alde korrika egitea.

Momentu batean kanpora atera nahi dut eta Korrika atzerritar baten begiradatik aztertu; eta “kanpora atera” diot, pixka bat hemengo sentitzen naiz-eta dagoeneko. Zaila da ez harritzea, zaila da amorru pixka bat ere ez sentitzea ikusten duzunean herri batek borrokatu beharra daukala, aldarrikatu beharra daukala bere bihotzeko hizkuntza babesteko. Ez da zentzuzkoa! Tristea da ikustea politika aitzakia moduan erabiltzen dela kultura baten oinarrizkoena kolpatzeko, ikustea interes politikoak erabiltzen direla berezkoa den hizkuntza ahultzeko eta bigarren maila batean uzteko. Jainkoari esker, zutik bizi den herri bat da hau; zerutik limoiak erortzen zaizkionean limonada egiteko edo Korrika bat antolatzeko gai den herri bat.

Hori guztia esanda, uste dut Korrikak balio duela zenbait euskaldun beren hizkuntza egunerokoan erabiltzeak duen garrantziaz ohartarazteko. Oraindik harritu egiten naiz euskara ia entzun ere egiten ez den herriak badirela ikustean, eta ez bertako bizilagunek hitz egiten ez dakitelako, baizik eta beren hizkuntza ez den beste batean bizitzen ohitu direlako. Hori zortea gure Azpeitian horrelakorik ez gertatzea!

Euskal Herrian euskaraz!

(2017ko maiatzeko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzia da honakoa).

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide