Gure kale estua

Erabiltzailearen aurpegia Eneritz Albizu Lizaso 2017ko mai. 29a, 12:28

Munduko kale estuak. Zibilizazioa, natura, pertsonak, kez betetako errepideak eta lorez jantzitako belardiak batzen eta banantzen dituzten kale estuak.

Europako korridore estuek xarma berezia dute, hiri serioen artean kolorea ematen diotelako bizitzari: merkatu txikiak, familia-dendak, behatz puntekin ukitzean latzak diren galtzadak. Erroma bere kale estuek bizi dute, Berlini harri puska horiek ematen diote galdu gabeko nortasuna eta Brujasen, ilunpetan ere, hiriaren kolorea dira. Eta ezin ditugu aipatu gabe utzi Iparraldeko kale estuak, euskara entzuten ez den txoko askotan usaindu egin daiteke hizkuntza alde bateko eta besteko hormetan, oihartzuna mutua balitz bezala. Kale estuek liluratzen naute, handitasunean txikia zein ederra izan daitekeen erakusten digutelako; bizitzeko eredu berriek iraganarekin lotura behar dutela esaten digutelako.

Guk ere badugu gure kale estua. Egiaz, kale estu bat baino gehiago ditugu Azpeitian; eta, jakina, pertsona eta auzo bakoitzak ditu bere txoko magikoak, izan Sanjuandegin, Urrestillan edo Nuarben. Dena den, bada bat ia guztion bizitzan eta bihotzean bere lekua duena. Erdikalean egin genuen herriko gure lehen parranda, San Sebastian jai haietan; kale estu horretan pasatu ditugu orduak eta orduak garagardoa edaten, eta mundua mugiarazten duten hiru gauza horiez hizketan. Zenbat musu eman ditugun kale estu horretan, eta zenbat azalpen, besarkada eta negar. Kale estu horretan hasten dugu urtea behin eta berriro; eta ostegunero elkartzen gara kuadrillan, elkar ikusteko aitzakiaren bat behar bagenu bezala. Zenbat pertsona ezagutu ditugun, etxekoak eta kanpokoak, nahi gabe edo intentzioz. Ez gara kafe gutxi hartutakoak, ezta edalontzi eskas puskatutakoak ere. Umetatik egonaldiak Leireren portalean; eta nerabetatik inguruko tabernetako terrazetan.

Gure kale estua ere badugu, Europako hiri xarmangarrienen antzera. Guk ere eraikin, denda eta errepide modernoak ditugu, baina kale estu horrek gu izatearen arnasa ematen digu. Zer esanik ez inauteri zaleentzat: Elegante Eguneko zezenaren irteera eta astelehen karnabaleko gaupaseroen kalejira. Jai guztietan, udal musika bandak ere alderik alde hartzen du kalea, eta musikarekin bete-tzen ditu hutsik gelditzen diren tarte guztiak. Gure kale estuak handi egiten gaitu batzuetan. Aldatuko gara, aldatuko dira; baina kale estu horiek helduko diote gure izaerari.

Ez naiz itoko

Eta neu ere, badira pare bat urte kale estu horretan egiten dudala lo, gehientsuenetan behintzat. Otu zait ez ote den nire bizitza ere kale estu bihurtu, norabide gabeko hiri batean nire burua aurkitu asmoz-edo. Batzuetan hormak oso sentitzen ditut hurbil; eta, besteetan, emozioa ez zait kabitzen kale estu horretan.

Haizeak ere fin jotzen du kanpoan eta barruan, eta babesik gabe sentitzea ere tokatuko zait. Hori ote da nire lekua. Dena den, badakizue kale estuak bi plaza dituela goian eta behean, mundura irekiak; eta zeru zabala, burua altxatuz gero. Ez naiz itoko. Eta, jakina, bizitza egunero alda daiteke kale estu honetan, Europako herrialdeetan, Azpeitian eta zeure baitan.

(2017ko maiatzeko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide